Iron Harvest, Grounded edota Windjammersen frogetara ekainaren 22ra arte jokatu daiteke Valven plataforman.

Atzerapen bat jasan ostean, Valvek bere Steam Game Festivalen udako ekimena abian jarri du. Abenduan eta udaberrian egindako ekimenekin gertatu bezala, Game Festivalaren ardatza demoak izango dira.

Zehazki, ekainaren 22ra arte 65 herrialde desberdinetako garatzaileak sortzen ari diren 900 bideojoko ingururen demoak frogatu ahalko dira ekimenaren barruan.

Horien artean nabarmentzekoak dira King Art garatzen ari den Iron Harvest estrategia jokoa, DotEmuren Windjammers 2 arkadea edota Obsidianen Grounded akzio eta abenturazko lana, besteak beste. Genero guztietako demoak frogatu ahalko dira: horren erakusgarri dira Spiritfarer, Ghostrunner, Heavy Rain edo Desperados III.

Demoak ez ezik ekimenak garatzaileekin zuzeneko emankizunak, elkarrizketak eta beste hainbat ekitaldi batuko ditu.