Gaur egun, bideojoko gehienak oso hizkuntza gutxitara itzultzen dira, eta, tamalez, euskara ez da horien artean egoten. Beste gauza askorekin gertatzen den bezala, horren arrazoia ekonomikoa izaten da. Izan ere, enpresek ez dute errentagarri ikusten euren bideojokoak gurea bezalako hizkuntza txikietara itzultzea. Hala ere, horrek ez du esan nahi jokalariei bizkarra guztiz ematen dietenik: askotan, itzulpen lana komunitatearen esku uzten dute, erremintak eta baliabideak emanez. Horrela itzuli zen, esate baterako, Minecraft bideojoko ezaguna, eta horrela egin dugu gure azken lanarekin, hau da, ARK Survival Evolved jokoarekin.

Ekainaren 22an ekin genion euskaratzeari, eta hilabete pare bateko lana eta gero bukatu dugula esan dezakegu. Egia esan, hau ez da guztiz egia, azken eguneraketak esaldi berriak gehitu baititu, baina berehala izango ditugu prest eta ahalik eta azkarren jarriko ditugu zuen eskura. Nolanahi ere, itzulpenaren berriskupen fasean gaude oraindik, eta, beraz, baliteke akatsak aurkitzea. Horiek zuzentzen edo esaldi berriak itzultzen lagundu nahi baduzu, Crowdin plataformaren bitartez egin dezakezu. Asko eskertuko dizugu!

Jokoaren xedea

Joko honen itzulpenari buruz hitz egin dizuet, baina oraindik baliteke batzuek bideojoko ikusgarri hau zertan datzan ez jakitea. Bada aurrekoan gure kide batek ondo baino hobeto azaldu zuen Ostadar aldizkarirako idatzitako artikuluan: " Ia bilutsik eta dinosaurioz betetako mundu batean esnatuko gara. Helburua online dauden beste jokalariekin batera, mundu horretan dauden baliabideak erabili eta gero eta indartsuago izatea, bizirautea da. Baita horretarako dinosaururen bat etxekotu behar badugu ere! Jokoan aurrera egin ahala beraz, oinarrizko tresnak egiten, sua erabiltzen edota ekoizteko zailagoak diren armak egiten ikasi beharko dugu."

Bi baten prezioan

Bideojoko hau euskaratu genuenean, bere senide txikia den ARK The Fittest jokoaren esaldi gehienak itzulita genituela konturatu ginen. Horrela, hasieran joko bakarraren itzulpena zena birena bilakatu zen bat-batean. Jokoa "Hunger Games" estiloko esports bat da, oso arrakatsatsua eta bestea bezain gomendagarria.

Hau guztia oso ondo dago, baina nola jolas dezaket euskaraz?

Garatzaileak euskara bidoejokoan modu ofizialean sartuko duela hitz eman badigu ere, pixka bat itxarotea tokatuko zaigu. Steam ez dago euskaraz erabilgarri eta, beraz, kodean aldaketa batzuk egin beharko dituzte gure hizkuntza sartzeko. Hala ere, ez kezkatu, euskaraz inolako arazorik gabe jolas dezakegu ondorengo tutorialak (joko bakoitzak berea) jarraituz. Minutu batean bideojoko ikaragarri hau euskaraz gozatzeko prest egongo zara!

Eguneraketa (2016/09/11):

v246.5 bertsioan jokoaren garatzaileak itzulpena modu ofizialean sartu zuen jokoan,beraz, euskaraz jolasteko pausoak asko erraztu dira:

1- Gure Steam liburutegian jokoaren gainean eskuineko klik egin eta "Properties" atalean sartu
2- Zabalduko zaigun leihoan "SET LAUNCH OPTIONS..." botoian sakatu
3- Bertan "-culture=eu" idatzi kakotxik gabe
4- Jokoan sartu eta gozatu!

The Fittestek ere laster jasoko du eguneraketa itzulpenarekin, bitartean aurreko tutoriala jarraitu beharko dugu