Dishonored, Prey edo Dark Messiah of Might and Magic bezalako bideojokoak sortu dituen estudioari egindako elkarrizketak, bideoak eta askotariko ekitaldiak batuko ditu Arkane 20k.

Orain bi hamarkada Lyonen jaio zen Arkane Studios. Arrakasta handiko estudioaren ibilbidea gogoratzeko asmoz, Bethesdak datozen egunetan egingo duten Arkane 20 deitutako ekimena aurkeztu du.

“Arkane Studiosek orain 20 urte bere ateak ireki zituen. Lyon eta Austineko taldeak harro gaude gure zaleak azken bi hamarkadetan sortu ditugun mundu bitxi eta sinesgarrietara eramatea lortzeagatik”, adierazi dute estudioaren arduradunek ekimenerako prestatutako webgunean.

Arkane 20 era guztietako ekitaldiz osatuta egongo da: elkarrizketak, bideoak, Discorden eta Redditen egindako AMAk eta beste hainbat ekimen egingo dituztela iragarri du Bethesdak.

  • Ekainak 5, 17:00etan – Dishonoreden livestreama Dinga Bakaba eta Dan Toddekin.
  • Ekainak 11, 17:00etan – Arkane Discord AMA gonbidatu bereziarekin.
  • Ekainak 12, 21:30ean – Preyren livestreama Ricardo Bare eta Janina Gavankarrekin.

Gainera, Arkane Outsiders izeneko komunitate digitala aurkeztu dute. Bertan izena ematen dutenek “informazio berezia eta etorkizunean egingo diren beta jokoetara sarbidea” jasoko dutela agindu dute arduradunek. Ez hori bakarrik, Bethesdaren plataforman aktibatzeko Arx Fatalisen doako giltza eta Arkane Studiosen artea biltzen duen liburu digitala oparituko diete komunitatean izena ematen dutenei.

Une honetan garatzen ari diren proiektuak ere aipatu ditu Arkanek. “Deathloop eta etortzeko dauden beste lanei buruz mintzatzeko gogotsu gaude”. Deathloop joan den urteko E3an aurkeztu zuten; ordutik hona ez dute berri gehiagorik eman. Ikusteko dago beraz ekimen berezi honen barnean proiektu berriari buruzko informaziorik eskainiko duten.

Arkaneren historia errepasatuz

Nabarmentzekoa da orain egun batzuk Youtubeko Noclip kanal ezagunak argitaratutako The Untold History of Arkane bideoa. Ordu eta erdi inguruko iraupena duen bideoan Arkane Studiosen ibilbidea gogoratu eta garatutako bideojokoei buruzko xehetasunak laburbildu dituzte.

Kaleratutako obrekin batera bertan behera utzitako proiektuak ere azaltzen dira bertan: Half-Life: Ravenholm edota The Crossing bezalako lanak aipatzekoak dira.