Ezaugarri berriarekin lehen frogak egiten ari direla nabarmendu dute Valvekoek.

Beta itxietarako izen emateak aldatzeko asmoa du Valvek. Orain arte horiek bideojokoen plataformetatik kanpo egin behar izaten ziren, baina ezaugarri berri baten bidez Steamen izen emateak ahalbidetu nahi dituzte arduradunek.

Hori beta itxietarako sarrera eskarien bitartez egingo dute. Steam Database webguneko Pavel Djundikek eman du berria, Creative Assemblyren Total War: Elysium jokoak beta itxirako sarrera eskatzeko aukeraz ohartuta.

Steameko jokoaren orrialdean joko frogara batzeko eskaria egin daiteke. Hori eginda, erabiltzaileek posta bidez jasoko dute frogara sartzeko baimena. Garatzaileek nahi duten pertsona kopurua ezarri ahal dute frogarako: hori gaindituz gero, eskatzaileek itxaron egin beharko dute; hori gertatzen da, adibidez, Total War Elysiumekin.

Djundikek adierazi duenez, Steameko arduradunek bideojokoentzako etiketa berria ezarri dute plataforman, “beta” deitutakoa.

Valvek xehetasun askorik eman ez duen arren, ezaugarri berri honekin lehen frogak egiten ari direla zehaztu du. Etorkizunean azalpenak emango dituztela azaldu dute plataformako arduradunek.