From Software garatzaile japoniarrak Dark Souls bideojoko sagak guztira 27 milioi unitate saldu dituela iragarri du aste honetan. 2011. urtean jaiota, bi belaunalditan hiru bideojoko eta birmasterizazio bat eduki ditu. Eurrikirik gabeko zailtasuna Dark Soulsen ezaugarri nagusienetakoa den arren, milaka pertsona erakartzea lortu du fantasiazko Erdi Aroan giroturiko saga honek.

Prepare to Die izan zen Dark Soulsen trailer eta iragarkietan jokalariak erakartzeko erabilitako leloa. Jokoan aurkituko genuen zailtasun latza aditzera ematea zen From Softwaren asmoa; sagaren bereizgarri nagusian bilakatu da, inongo zalantzarik gabe. Hala ere, 2011n argitaratutako lehen Dark Souls beste hainbat ezaugarrirengatik da hain berezia.

Dark Souls prestatzen hasi baino lehenago Hidetaka Miyazaki zuzendariak eta bere taldeak antzeko hainbat joko garatu zituzten; King´s Field saga sortu zuten, lehen pertsonan jokatutako DSren aurrekaritzat hartzen dena, baita PS3rako argitaratutako Demon´s Souls ere. Dark Souls azken horren oinordeko zuzena da, jokoaren ia elementu guztiak biltzen baititu.

Izan ere, Demon´s Soulsen jarraipen bezala jaio zen Dark Souls. Lehenengoaren lizentzia Sonyren eskuetan izanik ezin izan zuten jarraipen ofiziala sortu; saga berri bati hasiera ematea erabaki zuten Dark Soulsekin, lehenengo PS3an eta Xbox 360an argitaratuz. PCko erabiltzaileek urtebete itxaron behar izan zuten jokatzeko.

Lordranetik galduta

Dark Soulsen Lordraneko erreinua salbatu behar duen heroi bat kontrolatuko du jokalariak. Dark Soulsen istorioaren xehetasunak han-hemenka sakabanatuta daude: hasierako zinematika ikusita, ez da argumentua ezagutzeko erabiliko diren bideo gehiagorik erabiliko. Horrela ala egin nahi duenak jokatzea besterik ez du izango; Lordraneko sekretu guztiak argitu nahi dutenek, berriz, denbora hartuta xehetasun guztien bila aritu ahal dira. Hau lortzeko erreinuan zehar sakabanatuta dauden pertsonaiekin hitz egin beharko da, aurkitutako objektu guztien deskribapen eta xehetasunak irakurtzeaz gain. Hauen deskribapenekin Lordraneko historia eta pertsonaiei buruzko sekretu ugari argitzea lortuko du jokalariak.

Benetan erabaki bitxia da Fromek istorioari buruz hartutakoa, eta hasiera batean asko honen kontra agertu baziren ere, denbora pasa ahala argumentua kontatzeko era berezi horrek zale asko erakarri ditu, jokoaren sekretu guztiak argitara ateratzen dituzten Youtubeko kanal zoragarriei hasiera emanez.

Protagonista “hollow” bezala hasten da: kartzela batean giltzapeturik dagoen ez-hildako bezala, alegia. Espetxetik ihes egitea lortuta, hortik aurrera hollow hori kontrolatzen duenaren esku egongo da aurrera egin ahal izateko bidea aurkitzea. Firelink Shrine izenekoa izango da bideojokoaren kokaleku nagusia; bertatik aurrera egiteko hainbat bide daude. Baina nola ez, era guztietako etsaiak eta oztopoak aurkituko ditu jokalariak. Hortik dator jokoaren zailtasun errukigabe famatua: edozein areriok, arratoi edo ez-hildako arruntenak ere, jokalaria kolpe gutxi batzuekin akatu ahalko du. Hori esanda, final bossek benetako amesgaiztoak eragingo dituzte. Otso erraldoi, dragoi, zaldun, izpiritu, deabru eta beste final bossen aurka bizitako borrokak zirraragarriak dira. Miyazakiren lanak Kentaro Miura mangakaren Berserk obra hartu du oinarritzat bere mundua sortzeko; diseinu bikainez gainezka dagoen erreinu eder zein beldurgarri bat asmatu zuten Lordranekin.

Parryak eta itzulipurdiak menperatuz

Arerio gogorren aurka behin eta berriz aritzeak ez du esan nahi jokoak tranpak erabiliko dituenik jokalaria akatzeko. Bere esku dago borroketatik bizirik ateratzea eta kokalekuak esploratzerakoan arreta handiz ibiltzea. Behin eta berriz hiltzea ohikoa da, sagaren leloa den “prepare to die” horrek argi uzten duen bezala; baina game over bakoitza jokalariaren akatsengatik gertatuko da, ez bideojokoa bidegabekoa delako. Hasiera batean ez du horrela emango, baina denbora pasa ahala jokalariak argi ikusiko dugu Dark Soulsek aurrean jarritako oztopoak gainditzea posible dela. Eta hau da ziur asko sagak izan duen arrakastaren erantzule nagusia: bideojoko komertzialago eta sinpleak nagusi ziren garai batean Dark Soulsek ez zuen inongo laguntzarik eskaintzen. Bideojoko zaila da, baina gainditzeko gakoa trebeziaren eta pazientziaren menpe dago

Etsaiei aurre egiteko arma, magia eta baliabide asko eskaintzen ditu Dark Soulsek. Rol joko bat izanik, pertsonaia sortzerakoan honen klasea erabaki behar da, bakoitzak askotariko ezaugarriak izanik (hala ere hasieran erabakitako klasea guztiz aldatzen joan ahalko gara mailak igotzen goazela). Ezaugarri horiek hobetuz arma eta magia ezberdinak erabili ahalko dira; armen eta sorginkerien zerrenda erraldoia da. Gainera, horien arteko desberdintasunak nabarmenak egiten dira: alde handia dago estoke baten edo bi ahoko ezpata baten artean, bideojokoak dituen bi arma mota arruntenak izan arren.

Erasotzeko tresnekin batera, beste bi mugimendu kontrolatzea ezinbestekoa da Dark Souls benetan menperatzen hasteko: itzulipurdiak eta parryak. Lehenak ez dauka misterio handirik. Zelda bezalako jokoetan egiten den antzeko eran, jokalariak itzulipurdiak egin ditzake. Ekipamenduaren arabera duen pisua kontuan hartuta itzulipurdiak azkarrago egin daitezke. Eta hemen dator gakoa: itzulipurdia egiterakoan jokalaria erasoengandik salbu egongo da. Itzulipurdia menperatuz borroketatik bizitzarik galdu gabe irten gaitezke beraz. Parryekin antzeko zerbait gertatzen da: kontraerasoak dira, ezkutu edo arma zehatz batzuekin etsaiaren erasoa geldituz egingo direnak. Zehaztasun handia behar da parrya zuzen erabiltzeko, baina lortuz gero etsaiari kolpe boteretsu bat eman ahalko zaio, une batzuetarako babesik gabe geldituko baita.

Arerioak hiltzerakoan arimak lortzen dira. Hauek pertsonaia mailaz igo, salerosleei objektuak erosi edota arma eta armadurak hobetzeko erabiliko dira. Kontuz ibili behar da, protagonista hiltzerakoan bildutako arima guztiak galtzen dira eta. Horiek berreskuratzeko hildako tokira bueltatu beharra dago. Galdutako arima preziatuak berreskuratu ahal izateko arriskatzea ohikoa izango da, askotan ezbeharrak gertatuz altxorra lortzen saiatzerakoan.

Konektatuta dagoen erreinua

Dark Soulsen istorioa aipatu dut lehen, From Softwarekoek mundu harrigarri bat sortu baitzuten Dark Soulserako. Lordran erreinu erraldoia da, askotariko gune eta kokalekuz osatutakoa. Kartzelak, gaztelu eta gotorlekuak, liburutegiak, basoak edota katakonbak zeharkatuko ditu jokalariak; aipatutakoak kokaleku arruntenak izango dira. Urez gainezka egindako hiri madarikatua, deabruen hiria eta Lordraneko infernu propiotik ere arituko da jokalaria. Leku moten aniztasuna nabarmentzekoa da, baina Lordranen xarma ez da hor bukatzen: erreinuaren kokalekuak konektatzeko moduak egiten du berezia erresuma.

Demon´s Soulsen gune bakoitza bestearengatik guztiz banatuta zegoen. Hauetara iristeko zona zentral batetik “bidaia azkarra” erabili behar zen, trantsizio naturalik egon gabe. Dark Soulsen ordea, Lordran bizirik dagoela ikusiko du jokalariak: zona asko elkarren artean konektatuta daude, eta etengabe ariko da bata bestetik igarotzeko lasterbideak aurkitzen. Firelink Shrinetik, jokoaren hasiera puntutik, Blighttownera iristeko bide luzea egin beharko da hasieran. Hala ere, Blighttownen hasierako zonara eramaten duen lasterbidea aurkitu ahalko da. Hau behin eta berriz ikusten da abenturan zehar; jokatzen duena hasieran galduta egongo den arren, jokoaren amaierarako Lordranen mapa buruan edukiko du. Miyazakiren taldeak lan bikaina egin zuen atal honetan, erreinuaren bertikalitatearekin era ezin hobean garatuta. Sentipen izugarria da erresumaren punta batetik dagoeneko igaro garen beste zona batera iristea eta munduko maparen tartetxo berri bat buruan irudikatzea.

Noclip webguneak hainbat bideojokoren 3D mapak bildu ditu; horien artean daude Dark Soulseko kokaleku desberdinak. Webguneak Lordraneko mapa osoa batera kargatzeko aukera eskaintzen du. Akatsak dituen zerbitzu esperimentala dela abisatzen dute Noclipeko arduradunek, baina Dark Soulsen guneek dituzten loturak ezagutzeko tresna aproposa da.

Ezin naiz Dark Soulsen multiplayerrari buruz hitz egin gabe geratu. Miyazakiren taldeak prestaturiko online elementuek bide berri bat hasi zuten bideojokoetan. Konektatuta dagoelarik beste jokalariekin harrementzako eta horien jokoetan eragiteko aukera izango du jokalariak. Adibidez, hildako jokalari bakoitzak bere odol marka utziko du lurrean. Honen gainean interakzioa eginez gero jokalari hori nola hil den azalduko da bere izpirituaren bitartez. Horrela, oztopo eta tranpak saihesteko erraztasunak izango ditu jokalariak. Partaideek mezuak idatzi ahal dituzte, laguntza eskainita… edo gezurrak esanez, beste jokalariak segadatara eramanda.

Beste jokalarien munduak inbaditzeko aukera ere dago. Inbaditzea erabakiz gero, mundu horretako jokalaria aurkitu eta bera hil beharko du inbaditzaileak. Beste mundu horretako etsaien alde jarriko da inbaditzailea, eta hortaz beste jokalariak desabantaila argia izango du… edo ez, objektu zehatz batzuk erabiliz gero. Ideia berritzaile horiei esker Dark Soulsek beste bideojokoengatik are gehiago aldentzea lortu zuen.

Orain arte esandakotik alde negatibo gutxi ikusi daitezkeen arren, Dark Soulsek baditu bere akatsak. Alde estetikotik izugarria da, pertsonai eta kokalekuen aparteko diseinu bat eskainiz. Hala ere, grafikoki ez da batere nabarmena, argitaraturiko urtea kontuan harturik ere hala-nolako grafikoak dituela esatea beharrezkoa delarik. Atal teknikotik ere baditu akatsak, bai kontsoletan eta bai PCan ohikoa izanik framerate-a oso irregularra izatea: Blighttowneko zonaldea nabarmentzekoa da, etengabeko beherakadak izanik segunduko frametan.

Jatorrizko PCko bertsioa deskalabru bat da, erresoluzio eskasa, blokeaturiko framerate-a eta dozenaka errore izanik. Hala ere zortea izan zuten PCko jokalariek, Durante mod garatzaile famatuak argitaraturiko DSFixarekin akats gehienak zuzentzea lortu zen eta. Horrela, nahi izandako erresoluzioan jokatu daikete, antialias aukerekin eta 60fpsko framerate erregular batekin, besteak beste. 

2018an From Softwarek eta Bandai Namcok Dark Souls Remastered argitaratu zuten PC, Playstation 4, Xbox One eta Nintendo Switcherako. Atal grafikoa zaindu, bereizmena areagotu, testura berriak gehitu eta askotariko aldaketa txikiak ekarri zituen birmasterizazioak.

Dark Souls joko errepikaezina da. From Softwarek lortutakoa paregabea izan zen, eta Lordraneri behar besteko denbora eskainita jokalaria benetan harrapatzea lortu zuten garatzaileek. Bigarren eta hirugarren atalak joko izugarriak dira, baina lehenengo jokoak xarma berezi bat du. Girotzea interesgarria eginez gero zalantzarik gabe frogatu beharrekoa den bideojokoa da; dituen berezitasunak kontuan hartuta milioika bideojokalari harrapatzea lortu duen obra da azken finean.