Dragon Ball Z Kakarotek Akira Toriyamak sortutako manga eta animearen zaleek urte luzez eskatutako aldaketa ekarri du bideojokoen mundura. Son Goku, Vegeta, Satan Txiki eta beste hainbat pertsonai bideojokoetan ikusterakoan, beti genero berberan aritzen izan dira: borrokan, hain zuzen ere.

Ez da harritzekoa. Dragoi Bola gag eta borroka manga bezala jaio zen arren, urteak igaro ahala Toriyamaren umore berezi hori gutxinaka baztertzen joan zen egile japoniarra; arte martzialak, energia erasoak eta Super Saiyaren maila ezberdinak bilakatu ziren Dragoi Bolaren ardatz mangaren azken urteetan, baita gaur egun argitaratzen jarraitzen duten Dragon Ball Super jarraipenean ere.

FighterZ, Budokai, Burst Limit, Tenkaichi edo Xenoverse dira Son Gokuren borroka bideojoko horietako adibide ezagunenak. 16-bitetako garaitik aritu izan gara halakoak jasotzen: Super Butoden, Hyper Dimension, Final Bout, Ultimate Battle 22, Super Dragon Ball Z... asko eta asko izan dira borroka generoko Dragoi Bolaren bideojokoak.

Hori dela eta, Son Gokuren jarraitzaileek poztasun handiz hartu dute Kakarot bezalako bideojokoa. Borrokak Kakaroten atal garrantzitsu bat dira, nola ez, baina aldi berean RPGetako elementuak partekatzen ditu jokoak. Eremuetan banatuta dagoen esploratzeko mundu bat, mailaz igotzen joango garen pertsonaia taldea, eraso eta ahalmenak hobetzen joateko zuhaitza, bigarren mailako misioak... argi dago Kakarot izaten ari den arrakastaren zergatia zein den, prentsako kritikari askok jokoa horren gustuko izan ez duten arren.

Kakarot ez da borroketatik aldentzen den Son Gokuren lehen jokoa, baina. Son Goku eta bere lagunak era guztietako generoetan murgildu dira bideojokoekin hasi zirenetik. JRPGak, beat ‘em upak, rolezko online joko masiboak, karta jokoak... horiez gain, manganimearen zaleek sortutako joko berezi zein bitxi pare bat ere ikusi ahal izan ditugu; batzuk bikainak dira, baina maila eskasa duten asko ere daude.

 

Dragon Ball: Shenron no Nazo

NESean argitaratutako bideojoko honek Dragoi Bolan oinarritutako lehen jokoa izatearen ohorea dauka.

1986an argitaratua, Dragoi Bola hasieratik arte martzialen lehen txapelketara bitarteko zatia jokatuko dugu bertan… zenbait aldaketa gehituta. Adibidez, Gokuk ilargira bidaiatuko du txapelketa irabazi ondoren.

AEBetan argitaratu zenean jokoak eraldaketa handiak jasan zituen. Izan ere, Toei Animationek eskatutako lizentziak ordaintzea ukatu ondoren Dragon Power izena eman zioten jokoari, eta Dragoi Bolaren erreferentzia guztiak ezabatu zituzten bertatik Sun Wukong tximu erregearen istorioaren joko batean bilakatuta.

 

Dragon Ball Origins 1 eta 2

Origins biak Nintendo DSrako argitaratutako akziozko RPGak dira, eta Goku umea zeneko abenturetan oinarritzen dira, Dragoi Bola Zko istorioa alde batera utzita. 

Zehazki, Originsek Goku eta Bulma ezagutzen diren unetik hasita lehenengo arte martzialen txapelketara arteko istorioa kontatuko digu. Une horretatik aurrera egingo du bere jarraipenak, arte martzialen bigarren txapelketa bukatu arte.

Hiru dimentsiotan egindako abentura hauek goiko ikuspegiaz baliatzen dira. Era bereko ikuspegia erabiltzen duten The Legend of Zeldako jokoak gogorarazten dituzten arren, Origins biak akziora ardatz hartzen duten jokoak direla esan beharra dago.

Hala ere hainbat puzzlerekin topo egingo dugu bi abenturetan zehar, baita sekretu eta altxorrez betetako labirinto moduko mapekin ere. Hori horrela, esplorazioak ere bere tokia du Origins hauetan; desblokeatzeko objektuen bilduma erraldoia edukiko dugu bietan.

Grafikoei dagokienez, DSa era ezin hobean aprobetxatzen dute biek. Pertsonaien modeloek kalitate handia erakusten dute, eta asko dira ikusiko ditugunak: Goku eta bere lagunekin batera etsai mota mordoarekin topo egingo dugu. Nola ez, horietako asko final bossak izango dira.

Bideojokoak errepikakorrak egin daitezkeen arren, Nintendo DSrako egindako joko bikainak dira. Dragoi Bolaren zaleak direnen zein hasiberrientzako ezin hobeak.

 

Dragon Ball: Goku Gekitouden

1995ean Game Boyan argitaraturiko joko hau Japonian soilik argitaratu bazen ere, askok izan genuen rol joko honetara jokatzeko aukera multijoko kartutxoekin. Japonieraz izanik zerbait ulertzea ezinezkoa zen arren, joko benetan borobila da Goku Gekitouden.

Namekeko sagan oinarritua (Goku Hishouden da Gekitoudenen aitzindaria), jokoak bi modu desberdin eskaintzen ditu: istorio modua, jokoaren atalik nabarmenena, eta Tenkaichi Budokai arte martzialen txapelketa ospetsuan parte hartzeko aukera, modu honetan beste jokalari baten aurka egin ahalko dugu gainera.

Istorio moduan Son Gohan, Krillin eta Vegeta kontrolatuz hasiko gara (ondoren Satan Txiki eta Gokurekin ere jokatzeko aukera izanez, noski) 2Dko ikuspegi batekin Namek planeta esploratuz, oinez ala hegan eginez. Atal honek ez du inongo berezitasunik, baina benetako jokoa etsai batekin topo egitean hasten da: rol joko klasikoetan bezalaxe hauek ukitzean borroka fase bati hasiera ematen zaio.

Behin borroka hasita, bi fase desberdin ditugu. Lehenengoan erabiltzeko ditugun ekintzak aukeratu ditzakegu: ukabilkadak, ostikoak, defentsak, ‘desagertzeak’ eta nola ez, ki erasoak. Ekintzak aukeratutakoan, borrokan hasten gara, ez pentsa ordea borroka joko batekoen antzik dutenik.

Pantailaren goiko aldean gure pertsonaiaren eta etsaiaren irudiak azaltzen dira, hauek egiten ari direna argi azalduz. Behean ordea, mapa bat azaltzen zaigu pertsonaien buruekin; hori da mugituko dugun pertsonaia. Mapatik mugituz etsaiari erasoko diogu, uneoro aldeetan erabiltzeko ditugun ekintzak agertuz gure bizi puntuekin batera.

Sinplea dirudien arren, Game Boyaren mugak aprobetxatzen zituen aparteko gameplay bat sortu zuten; ez dago antzeko bideojokorik. Borrokak benetan entretenigarriak dira, eta gure pertsonaiak mailaz igotzen doaz esperientzia lortzen doazelarik.

Gehitu guzti honi 2 ending desberdin dituela eta Game Boyarentzako egindako soinu bandarik hoberenetarikoa eskaintzen digula Goku Gekitoudenek. Joko liluragarria argitaratu zuten Bandaiekoek Nintendoren lehen kontsola eramangarrirako.

 

Dragon Ball Z: Attack of the Saiyans

Monolith Softekoak Xenosaga edo Baten Kaitos bezalako JRPGak sortzen adituak ziren; hala izanik, Bandai Namcok Attack of the Saiyans prestatzeko lana eman zieten. 

2009an Nintendo DSan argitaraturiko JRPG hau Dragoi Bolaren azken arte martzialetako txapelketa baino lehenago hasten da Krillin, Yamcha eta Ten Shin Hanekin bideojokoarentzako bereziki sortutako trama berri batekin, jokoa kapituluetan banatuz. Hortik hasita Vegeta eta Napparen aurkako azken borrokara arte iristen den istorioa jarraituko dugu.

Attack of the Saiyansek JRPG klasikoen gameplaya hartzen du bere baitan. Gure protagonistek mapamundi batetik bidaiatuko dute toki desberdinetara iristeko, bakoitzak bere maila, eraso, ahalmen eta ezaugarri desberdinak izango dituelarik.

Eremu hauetan etsai ezberdinekin topo egingo dugu, txandakako borroka bati hasiera emanez. Borroka hauetan edozein JRPG klasikoko elementuak izango ditugu: eraso normalak, bizitza eta magia barrak, eraso bereziak, objektuak erabiltzeko aukera, borrokatik ihes egitea…

Ikus daitekeenez, ohiko JRPGen eskema jarraitzen du bideojokoak. Are gehiago, merkatuan aurkitzen diren beste bideojoko batzuen kopia bat dela esan dezakegu: Dragoi Bolako pertsonai, toki eta elementu orokorrak erabiltzen dituen berezitasunarekin.

Ez da joko berritzaile bat eta ez du halakorik izatea bilatzen. Borrokak entretenigarriak dira, aukera ugari eta etsai mota desberdin asko ditugu horietan. Dragoi Bolaren unibertsoan oinarritzen den bideojokoa dela gehitu eta JRPG interesgarri baten aurrean gaude.

Teknikoki bideojoko egoki bat da, borroketan sprite 2D zoragarriak azalduz eta xehetasunez beteriko mundu batekin. Lehen bezalaxe, ez dago grafikoei buruz nabarmengarria den ezer, baina Monolithekoek lan zuzena egin dute atal honetan.

Dragoi Bolaren mundua oinarritzat hartzen duten rol bideojoko gutxi izanik, Attack of the Saiyan interesgarria izan daiteke Toriyamaren mangaren zaleentzat.

 

Dragon Ball Legacy of Goku saga

Atarik Game Boy Advancerako argitaratutako hiru joko hauek Kakaroten aurrekariak direla diote askok. Akziozko RPG estiloak, esploratzeko mundu zabalak, mailaz igo beharko dugun pertsonaia taldeak eta era guztietako bigarren mailako misioak ikusita, ez da harritzekoa hori entzutea.

Joko bakoitzak Dragoi Bola Zko saga nagusiak hartzen ditu bere baitan. Lehenengoak Saiyen iritsiera eta Namekeko saga kontatuko dizkigu, Goku izanik jokoko pertsonaia bakarra.

Bigarren jokoak berriz Vegeta, Gohan, Trunks eta Satan Txikirekin jokatzeko aukera ematen digu Gokuz gain (baita pertsonaia sekretu batekin ere). Cell eta androideen saga hartzen du honek, filmetako pertsonaia pare bat ere gehituta. Azkenak, Buu’s Fury izenekoak, Bu munstroaren eta Dragoi Bola Zaren bukaera kontatzen du.

Berriz ere, Zeldan antzeko gameplaya duten RPGak ditugu hauek, puzzleak alde batera utzita eta akzioa areagotuta. Goiko ikuspegi batekin jokatzen diren akziozko rol jokoak dira; nahiko sinpleak izan arren DBZaren istorio osoa hartzen duten bideojokoak izanik, zaleen artean oso maitatuak dira.

 

Dragon Ball Advanced Adventure

Advanced Adventure jatorrizko Dragoi Bolan oinarrituriko bideojoko borobilenetarikoa da, Nintendo DSko Origins saga oso hurbil daukan arren. Beat ´em up estiloko joko honetan Goku kontrolatuko dugu, Bulma ezagutzen duenetik Piccolo Daimaoren aurkako borrokara arte arituz.

Beat ´em upetan ohikoa den moduan, hainbat etsairen aurka borrokatuko dugu bi dimentsioetan. Gokuk eraso bereziak erabiltzeko aukera izango du, bere makila miragarriarekin tiroak errebotatuz edo hau luzatuz toki garaietara iritsiz, edota bere kamehameha erabiliz, noski.

Istorioan aurrera egiten dugun bitartean item ugari aurkituko ditugu, batzuek bizitza eta ki barra emango digute, eta beste batzuk gure bildumarako joango dira. Normalean zona baten bukaera etsai nagusi batekin topo egingo dugu, bere eraso eta bizitza barra propioarekin.

Gainera, une zehatz batzuetan 1vs1 erako borrokak ere parte hartuko dugu. Etsai boteretsuenen aurka egingo dugu horrelaxe, gameplayak aldaketa batzuk jasanez: beat ´em up bat izatetik borroka joko batera igaroko gara, etsaiaren defentsa haustea izanik gure helburua, ondoren konbo batekin bizitza barra husteko.

Jokoak Dragoi Bolaren ia saga guztiak biltzen dituenez, pertsonai eta kokaleku anitz ikusiko ditugu Advanced Adventure honetan: Iratxo Dortokaren irla, Pilaf eta bere gaztelua, Yamcharen basamortua, arte martzialen txapelketako egoitza… Pertsonaientzako sprite ederrak sortu zituzten Dimpsekoek, jokoak itxura bikaina duelarik.

 

Earth's Special Forces

Ezinbestekoa da jatorrizko Half-Liferen mod hau aipatzea. Gaztetan ziberlekuetan aritakoa bazara ziur asko ezagutuko duzun bideojokoa izango da Earth's Special Forces. Etengabe elementuak gehitzen joan zaizkion moda izan da: pertsonaiak, mapak, erasoak eta beste hainbat gehigarri berri ikusi ahal ziren ia hilero bere garaian.

Gameplayari dagokionez, hirugarren pertsonan jokatzen den akziozko jokoa da. Pertsonaia bakoitzak bere eraso eta ahalmen propioak ditu; bakoitzaren boterea partidak aurrera egin ahala eta etsaiak akatuz areagotzen joango da. Kolpe eta ki eraso sinpleekin batera, jokoak erritmo bideojokoen antzeko sistema bat erabiltzen du: erasotzen ari denak tekla konbinazio batekin eraso ostean, bere etsaiak konbinazio berbera erabili beharko du defendatzeko.

Hiru joko mota ditu ESFk. Free for All estiloko guztiak guztien aurkako jokoak, talde jokoak eta helburua dragoi bolak batzea diren jokoak. Arrakasta handia lortuta ESFk ia hamar urteko ibilbidea izan du, eduki berriekin bizirik mantentzen.