Aginte berriaren xehetasun guztiak aurkeztu ditu Sonyk.

Sonyk Playstation 5aren agintea izango dena aurkeztu du. Kontsolen generazio berria heltzear dago, eta beraiekin batera aginte berriak helduko dira jokalarien eskuetara.

Lehenengo Playstation kontsolatik DualShock izan da Sonyren aginteen marka. PS5ak hori aldatu egingo du, baina. Sonyk DualSense izeneko aginte berria iragarri du bere blogaren bidez.

Itxura aldetik, orain arteko aginteen artetik ikusitako aldaketarik nabarmenenak dakartza DualSensek. DualShock ofizialak kolore bakarrekoak ziren bitartean, aurkeztutako modelo berria txuribeltza da. Argi barraren kokalekua aldatu egin dute, ukimen bidezko padaren alboetan jarrita.

Share botoia desagertu egin da DualSensearekin. Hori Create izeneko botoi berriarekin ordezkatuko dute; Sonyk ez ditu botoiak eskainiko dituen aukereri buruz xehetasunik eman.

Agintearekin jokalariek "murgiltze sentsazio maila berria" lortuko dutela adierazi du Hideaki Nishino Platform Planning & Management sekzioko presidenteordeak. Hori lortzeko L2 eta R2 kolperariak moldagarriak izango dira, eta aginteak feedback haptikoa erabiliko du: bibrazio errealistagoak nabarituko ditugu bideojokoaren arabera. Adibidez, pistola batekin tiroka aritzean edo auto batean martxaz aldatzerakoan.

Aginteak mikrofono propioa edukiko duela nabarmendu du Nishinok. Mikrofono horrek lagunekin hizketaldi azkarrak erabiltzeko balio duela azaldu du, baina partida luzeetarako entzungailuetako mikroa erabiltzea aholkatu du.

DualSense agintea "bideojokoetarako aldakorra" izango dela esanez bukatu dute Jim Ryan Sony Interactive Entertainmenteko presidenteak. "Gure aurreko aginteengatik aldendu egin gara DualSenserekin, eta PS5arekin emango dugun belaunaldi arteko jauzia adieraziko du".