Etengabeko aldaketan ari gara webgunean eta asko antzematen da batez ere taldean jende berria sartzen denean eta ideia berriak plazaratzen direnean.

Lan gehienak softwarearen eguneraketa eta errore txikien konponketak izan badira ere, aldaketa handitxoagoak ere egon dira.

Twitch zuzenekoak

Twitch zuzenekoak webgunean txertatzeko aukera jarri dugu. Nola emititu dezakezuen gure webgunean twitch zuzeneko bat? Euskarazko twitch kanal bat baldin baduzu oso erraza da.

  • Talde motorrean gaudenotako bati adierazi twitch kanal euskalduna duzula
  • Guk zure zuzeneko emisioren bat ikusiko dugu eta egoki iruditzen bazaigu zure profilean Twitch erabiltzailea konfiguratzeko aukera jarriko zaizu
  • Twitch erabiltzailea konfiguratu eta gorde zure profilean
  • LISTO! Zuzeneko bat egiten duzun bakoitzean, Game Erauntsiako azalean agertuko zara!

Hala ere, zuzenekoek lehentasun bat izango dute. Game Erauntsiako kanala izango da lehentasun handiena duena beti eta ondoren, erabiltzaileak karmaren araberako lehentasuna izango dute. Hau da, bi zuzeneko aldi berean emititzen ari badira, karma gehien duen erabiltzailearena agertuko da beti azalean.

MC mapa interaktiboa

Minecraft zerbitzaria gero eta handiago eta erabiltzaile gehiago dituen gunea bihurtu zaigu. Horregatik, bere kapazitatea handitzea erabaki dugu eta bide batez, lehen ere jarrita genuen mapa interaktiboa berrinstalatu dugu.

Mapa hau bere garaian zerbitzariaren RAM memoria faltagatik kendu egin behar izan genuen, baina berriz ere hemen daukazue eskuragarri! Non dago hor zuen etxea? XD

Komunitateko talde ezberdinak

Komunitatea hazten ari den bezala, jendea ere modalitate ezberdinetan espezializatu zaigu. Guk taldetxo hauek erakutsi nahi izan ditugu webgunean eta 4 azpitaldetan zatitu dugu komunitate osoa:

  1. Youtuberrak: Izenak berak esaten duen moduan bideoak igotzen dituzten gure jokalarien zerrenda da
  2. Idazleak: Inoiz artikuluren bat idatzi dutenen taldea da
  3. Guruak: Komunitatean karma gehiena pilatuta dutenak dira
  4. Talde motorra: Guzti honek funtziona dezan erabakiak hartu eta ekimenak antolatzen dituztenak dira

Kontuan izan, azpitalde guzti horiek igotako eduki kopuruaren eta karmaren arabera antolatzen ditugula. Nola irabazi dezakezun karma? Bada, webgunean parte hartuz! Idatzi artikuluren bat, igo bideoren bat, komentatu zerbait foroan edota jarri iruzkinak eduki desberdinei. Ikusiko duzu nola egunetik egunera karma gehiago duzun!

Whatsapp/Telegram partekatze botoiak

Webgunea mugikorretik irekitzen baduzu, hainbat elementu whatsapp eta telegram mezularitza sistemetan partekatzeko botoiak ere jarri ditugu.

Gainera, konturatuko zineten bezala, botoien estiloa ere aldatu egin dugu. Gure ustez orain politagoak dira :D

Elementu guztien partekatzea sare sozialetan

Bestalde, Game Erauntsira igotzen den eduki guztia partekatu nahi dugu gure sare sozialetan. Hau automatikoki egiten da noski eta Game Erauntsiaren Facebook eta Twitter kontuetan argitaratzen dira. Orain arte, gameplay bideoak eta artikuluak bakarrik argitaratzen bagenituen ere, hemendik aurrera txapelketak eta GETBko atalak ere partekatuko ditugu.

Irudiekin arazoak

Aldaketa hauek egiterakoan baina, arazo bat izan dugu... eta nahi gabe zenbait irudi ezabatu zaizkigu. Ahal bezain beste eta ahalik eta azkarren berriz ere lehengoratzen ahalegindu gara, baina zenbait erabiltzaileren avatar irudiak betirako galdu ditugu...

Sentitzen dugu arazo hau sortarazi izana, baina irudia falta zaizuenoi berriz jartzeko eskatu behar dizuegu. Barkatu eragozpenak eta mila esker zuen pazientziagatik!

Bestelako iradokizunak

Webgunea eta era berean komunitatea hobetze aldera beste ideiarik baduzu, idatziguzu foroan mesedez! Asko eskertzen ditugu ideia berri eta eraikitzaileak! Mila esker!