PS5, Xbox Series X, Switch eta PCrako kaleratuko da Yoshitaka Murayama zuzendariaren lana. Crowdfunding bidezko finantziazio kanpaina hasi dute.

Rabbit & Bear Studios garatzaile japoniarrak Eiyuden Chronicle: Hundred Heroes RPGa iragarri du. Bideojokoa crowdfunding kanpaina bidez finantzatzeko bidea hasi berri dute Suikoden sagaren arduradunek sortutako enpresak.

RPGa PS5, Xbox Series X, Switch eta PCrako argitaratzea aurreikusten dute garatzaileek. Suikoden jokoetan gertatu modura, abentura berri honetan 100 bat heroi batzea izango da jokalarien betebeharretako bat: sei pertsonaia kontrolatuko dira txandakako borroketan.

Bideojokoak sprite bidimentsionalak erabiliko ditu hiru dimentsioko mundu batean. Horrela, Octopath Traveler bezalako jokoen estetika jarraituko du Eiyuden Chroniclek.

Aipatutako finantziazio kanpaina Kickstarter plataformaren bidez hasi dute. Uztailaren 27tik hasita abuztuaren 28ra arte egongo da zabalik. Hilabeteko epea jarri duten arren, 100 minututan gutxieneko diru kopurua batzea lortu dute; behar zituzten 435.000 eurotik 503.000 euro batu dituzte bi ordu baino gutxiagotan.

Gutxieneko diru kopurua batuta PCko bertsioa argitaratzeko bidea hasi dute japoniarrek; kontsoletarako bertsioak garatu ahal izateko, baina, 1.000.000 euro batu beharko dituzte.

Kanpaina hasi egin baino ez duten arren, Eiyuden Chronicle 2022rako argitaratzea aurreikusten dute garatzaileek.