Danganronpa misteriozko eleberri bisuala da. Erailketa desberdinak aztertu behar ditugu, eta hiltzailea nor izan den asmatu. Hemen kontatuko dudana, analisi bat baino, jokoaren lehenengo orduak jolastuz gelditu zaidan inpresioa da. Game Erantsiko Bantxik gomendatu zidan sagari aukera bat emateko, gustatuko zitzaidalakoan, eta hala egin dut. Une honetan alde batera utzi dut, atera berri den beste joko batek prioritatea zeukalako; baina horrekin bukatu bezain laster, Danganronparekin jarraituko dut.

Spike Chunsoft da saga honen jokoen garatzailea. 2010ean atera zen lehen jokoa (Danganronpa: Trigger Happy Havoc) PSPrako, baita bere jarraipena ere (Danganronpa 2: Goodbye Despair) 2012an. PSVita, Linux, Windows eta Mac-en topa ditzakegu joko honen bertsio hobetuak; baita bien arteko pack bat ere (Danganronpa 1-2 Reload) PS4 eta ordenagailu pertsonaletarako. Gainera, 3. zatia (Danganronpa V3: Killing Harmony) irailean iritsiko da Euskal Herrira, PSVita, PS4 eta Windowserako (Linux eta Mac-en ez da aterako tamalez). Nik probatutako bertsioa PS4ko bildumaren lehen jokoa da.

Joko honetan, protagonistak eskola berri batean hasiko du ikasturtea. Bertan ezagutuko ditu bere 14 gelakideak, denak ikasketek ekarriko dieten etorkizunaz motibatuta. Baina gazte hauen bizitza amesgaizto bihurtuko da: eskolan bertan betirako giltzapetu ditu norbaitek, eta ezingo dira sekula santa bertatik atera. Honen erruduna Monokuma izeneko hartz sadiko bat da, eta gazte hauen sufrimenduarekin kriston barre-algarak botako ditu. Hala ere, nerabeek ez dute zertan itxaropena galdu behar, irteeteko aukera bat dagoelako: taldekide bat hiltzea. Talde osoaren artean nor izan den debatitu behar dute; asmatzen ez badute, erailea kalera doa, eta beste guztiak hilko ditu Monokumak. Nor izan den asmatuz gero, hiltzaileak bere biktimaren halabehar berdina jasan beharko du, eta besteek eskolan jarraitu beharko dute betiko.

Imaginatuko duzuen bezala, eskola barruan hilketak egongo dira. Gure eginbeharra eskolako ertz guztiak miatzea da, aztarnak bilatuz, hiltzailea nor izan den asmatu ahal izateko. Hainbat azterketa egin ondoren, epaiketa dator, non gure taldekieekin hiltzailea nor den asmatu beharko dugun. Gure bizia jokoan dago. Epaiketan zehar, hipotesi desberdinak aterako dira, gazte desberdinei errua botaz. Topatutako aztarnen bidez, hipotesi batzuk baieztatu edo ezeztatuko ditugu, pixkanaka bidegabekeria nola gertatu zen ulertu arte. Debatearen erritmoa azkarra da, arreta handia jarri beharko dugu, eta une egokienean gure taldekideei aurre egin. Gehienez 10 hankasartze onartzen dizkizu jokoak epaiketa bakoitzeko; bat gehiago eginez gero, gazteek okerreko hiltzailea ondorioztatuko dute, eta Monokumak denak akatuko ditu, benetako hiltzailea ezik; Game Over.

Hasieran batean, eskola honetako gazte guztiak gogaikarriak iruditu zitzaizkidan, baina zenbat eta gehiago ezagutu, begikotasuna hartu nien. Jokoak pertsonaien egoera psikologikoan asko sakontzen du, argi eta garbi erakutsiz zeinen gaizki pasatzen ari diren. Betiko hor giltzapean gelditu behar direla pentsatzea, alde egiteko norbait hil behar izatea, inguruko pertsonetaz ezin fidatzea, eta beste hainbat burujanen erruz, gazte hauek zein etsituta dauden oso ondo azalduta dago. Aipatu beharra dago ere Monokumaren izaera; hartz berezi honen jarrera xelebre eta beldurgarriak jokalariaren gustoko bihurtzen du pertsonaia. Burutik jota dagoen hartz sadiko hau antagonista aparta da, maitatzen bukatzen duzun ipuineko pertsonaia gaiztoa.

Epaiketen mekanikak oso bereziak dira: minijokoak. Hauen bidez ezeztatu ditzakegu gure lagunen hipotesiak, pixkanaka erailketa nola gertatu zen ulertu, une bakoitzean topatutako aztazna egokiena erakutsi,... Bukaera aldera, krimena pausoz pauso azaldu behar dugu, eta horretarako komiki-sistema bat erabiltzen da; bineta bakoitza ordenean jartzea besterik ez da. Jokoak dexente pentsarazten dizu, eta oraingoan joko konbentzionaletan beharrezkoak diren erreflexuek ez dute ezertarako balio, burua asko erabili behar da.

Zoritxarrez jokoa ingelesez bakarrik jolas daiteke. Bere hizkuntza jasoa da, eta testuinguruaren ulermena zaila da hiztegirik ez badugu eskura. Hankasartze bat baino gehiago egin ditut epaiketan gaizkiulertuak zirela eta. Dena dela, nahiago dut nire ingeleseko hiztegia aberasteko aukera bat bezala hartu eta horri probetxua atera. Egia da nagia ematen duela baldintza hauetan jolasten hastea, baina azkenean atzerriko hizkuntzekin jolastea ere onuragarria da.

Danganronparekin hasi berri naiz, ez dut ezta laurden bat ere jolastu, baina orain arte bizitakoarekin oso pozik nago. Itxura dauka erailketak geroz eta konplexuagoak izango direla, eta istorioak behin eta berriz kriston ustekabeak emango dizkidala. Monokuma bera gustoko dut, eta bere maltzurkeria noraino iritsiko den jakiteko irrikitan nago. Ez itxoin nik amaitu arte, kontzeptua erakargarria iruditu bazaizue, jolas ezazu!

Barkatu nire itzulpen libre kaxkarrak ;-)