Bukatu egin da Tabakalerako 2DEO ikus-entzun laborategiarekin batera antolatu dugun Minecraft minijoko txapelketa. Aurreko ostiralean Build Battle minijokoan bideo-jokalarien sormena kitzikatu ondoren OITCra jolasten ibili gara.

Parte-hartzaileak Game Erauntsiko Minecraft euskal zerbitzarian elkartu dira eta guztira bost partida jolastu dituzte bakoitza mapa desberdin batean: elurretan, ur azpikoa, basamortua, hondartza eta nether izenekoetan hain zuzen ere. Helburua: bizirautea. Jokalariek gezi bat zuten aurkariari aurre egiteko eta gezia galduz gero ezpata erabili behar izan dute.

Hasieratik hiru bideo-jokalari gailendu dira eta horiek izan dira podiora igo direnak: Xuban11 izan da irabazlea, Bastarrikagamerrek zilarra irabazi du eta Viny_01ek brontzea. Hirugarren postuan amaitu duen Viny_01 izan zen aurreko ostiralean irabazlea eraikitze norgehiagokan.

Esan bezala, hiru bideo-jokalari horiek izan dira nabarmenenak jolastu diren bost partidetan. Norgehiagoka bakoitzean lehenengo postuetan izan dira eta beraien artean erabaki da garailea lortutako garaipen kopuruen arabera. Estu-estu izan da emaitza, baina azkenean Xuban11 izan da Game Erauntsiak eskainitako sariak irabazi dituena, konkretuki, STEAMeko bideo-joko kode bat eta elkarteko kamiseta bat.

Podiora igo eta argazkia egin ondoren, bideo-jokalari guztiak TNT run partidatxo batzuk jolastera gonbidatu ditugu. Game Erauntsiaren Minecraft zerbitzaria iganderarte egongo da irekita, beraz, euskaraz partida batzuk jolasteko asteburua dugu aurrean.

Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izan da Tabakaleraren online plataformatik eta Game Erauntsiko Gari_Infernu-k egin du esatari lana. Ez baduzu zuzenean jarraitu edo berriro ikusi nahi baduzu, hemen duzu eskuragarri.