Ben Hicklingek garatutako shoot ‘em upak SNESeko klasikoaren estetika eta jostagarritasuna ekarriko ditu PCra.

Duela bi urte pasata aurkeztu zuen Ex-Zodiac bideojokoa Ben Hickling garatzaileak. Proiektu txiki bezala jaiota, SNESeko Star Fox famatuaren estetika eta jostagarritasuna inspirazio iturri bezala hartzen duen shoot ‘em upa sortzeko lana hasi zuen Hicklingek. Orain, trailer berria aurkeztu du garatzaileak.

Proiektu hori Pixeljam Gamesek argitaratuko duen indie bideojoko eder batean bilakatu da bi urte ondoren. Godot Engine motor grafikoa erabilita Ex-Zodiacek Star Foxen zaleei ezaguna egingo zaien poligono gutxiko estilo bisuala du. Bideojokoak hamabi maila izango dituela zehaztu du garatzaileak; horiek hainbat hautazko bide eta gune sekretu edukiko dituzte.

Momentuz Windows, Mac OS eta Linuxerako prestatzen ari da garatzailea, eta Steamen argitaratzeko asmoa du. Data zehaztu gabe, 2021erako prest izatea aurreikusten du. Bideojokoaren froga txiki bat ere argitaratu zuen Hicklingek iaz: WindowsMac eta Linuxerako eskuragarri dago demoa.