Plataforma berriek 2.0 bertsioa jaso dute. Enter the Gungeonen jarraipena Apple Arcade zerbitzuan argitaratu zen iaz.

Enter the Gungeon arrakastatsuaren jarraipen zuzenaExit the Gungeon, ezustean argitaratu du Devolver Digital editoreak PCrako eta Nintendo Switcherako.

Dodge Roll garatzailearen azken lana iOSerako Apple Arcade zerbitzuaren esklusibo modura argitaratu zuten iaz. Devolver Digitalek Exit the Gungeon beste plataformetan argitaratuko zuela adierazi zuen arren, ez zuen data zehatzik eman; Nintendok egindako Indie Worldean eman dute albistea. Devolver Digitalek ez du adierazpenik egin Playstation 4ko eta Xbox Oneko bertsioen inguruan.

Plataforma berrietan argitaratzeagaz batera Dodge Rollek bideojokoaren 2.0 bertsioa argitaratu du. Garatzaileek Redditeko post batean zehaztu dituzte bertsio berriak dakartzan aldaketa guztiak. Jokoaren zailtasuna areagotzeaz gain partida bakoitza luzeagoa izateko aldaketak egin dituzte. Gainera etsai, arma eta gelei eragiten dizkieten oreka aldaketak gehitu dituzte, besteak beste.

Enter the Gungeonen jarraipen zuzena bada ere, Exitek gameplayean aldaketa nabariak ditu. Akzioa plano bidimentsionalean igarotzen da, gela txikiagoetan. Gure helburua guztia amildu aurretik Gungeonetik ihes egitea izango da, etsaien hordei aurre egiten diegun bitartean.