Irailaren lehenengoan egin zuen Game Erauntsiak urtebete. Bai! Zein azkar pasa zaigun denbora!! Gameplayak zintzilikatzen hastetik, txapelketak eta telebista saio bat egitera iritsi gara, hiru lagun izatetik ia 300 izatera... Ez da marka makala ez!

Baina ez gara munduaren amaiera deskubritzera iritsi eta oraindik gehiagorako gogoz gaude. Kide gehienok dagoeneko oporretatik bueltan gaude eta ikasturte honetan, webgunea eta komunitatea sendotzen jarraituko dugu. Berrikuntza nabarmenen artean, laster emititzen hasiko garen GETB izango dugu. Oso harrera ona izan zuen proba pilotuak eta, astero argitaratuko den atal bakoitza aurrekoa baino hobea izatea espero dugu. Trikuxabi eta bere taldeak ziur lortuko dutela!

Gainera, txapelketen gunean ere aldaketak izatea espero dugu eta sari erakargarriak eta erronka politak jartzen saiatuko gara. Azkenik esan, elkarte izateko tramiteetan ere hasi garela eta behin hau lortuta Game Erauntsiako bazkidetza sistema diseinatuko dugula. Izan nahi al zenuke Euskal Herriko bideojokoen komunitate honetako bazkide? Ba hasi pentsatzen! Abantaila asko izango dituzu, ez zara damutuko!

Bestelako tailerrak, hitzaldiak, txapelketa edota partida presentzialak... denetarik izango da. Eta... urtebetek zenbat uzta eman duen ikusita... ziur beste hainbat eta hainbat sorpresa berri ere etorriko direla!

Mila esker gurera etortzeagatik eta ongi etorri, berria bazara!

ZORIONAK GUNE HONETAKO PARTAIDE ZARETENOI!

Ah! Eta gurekin batera ospatu nahi baduzu, utzi txio edo mezu bat Twitter edo Facebooken #GEurtebete traola erabiliz edota, idatziguzu foroan! Agian sariren bat irabaziko duzu :D