Indie joko hau Limboren garatzaileen azken lana da, eta PC, Xbox One eta PS4rako dago eskuragarri. Joko honetan mutil gazte baten paperean sartzen gara. Mutil hau burmuin-kontrolaren laborategi batean dago, eta bere eginbeharra ixilpean aurrera egitea da, nork daki zein helbururekin, handik ihes egin, hala ezagunen bat erreskatatu. Abenturan aurrera egin ahal izateko, hainbat puzzleri aurre egin beharko die, bertako segurtasun-sistemak nola edo hala ekiditu, eta beste hainbat arriskuri aurre egin. Kasu batzuetan, guk ere kontrolatu beharko ditugu pertsona batzuen garunak, hauek guri laguntzeko.

Puzzleak ebazteko burua erabili beharko dugu, baina inoiz ez gara frustrazio-puntu batera iritsiko. Batzuk errazak dira, beste batzuk konplexuagoak, eta hurrengo puzzleak ez du zertan aurrekoa baino askoz konplexuagoa izan behar. Era honetan, jokoa oso amenoa egiten da, eta inoiz ez dugu kezkatu beharko bat zaila egin zaigulako ondorengoa hare zailagoa izango denik.

Grafikoen aldetik, Limboren eragina oso nabaria da jokoan, eta planteamendua hobetzen da. Limbon dena txuri-beltzean zen, oraingoan berriz koloretan. Nahiz eta bi jokoak 2Dkoak izan, Inside-en atzeko planoetako elementuek ere garrantzi handia dute, ez da Limbon bezala, non beharrezkoa zen guztia lehen planoan topatzen genuen. Zer esan nahi dut atzeko planoaren elementuekin? Adibidez, kaxa batzuen atzean ezkutatu beharko gara, atzetik furgoneta batean dauden tipo batzuek ikus ez gaitzaten, eta tiro ez diezaguten egin. Beste adibide bat, ba sekulako haize-boladak, eta gu beste zerbaiten atzean jarri behar izatea, honen erruz egan ez ateratzeko.

Dena dela, Limbon bezala, jokoaren atmosfera nahiko beldurgarria da. Argi gutxi dauden lekuak, ur azpian gauza arraroak, hainbat persona zonbiak balira bezala mugitzen,... Laburbilduz, latza!

Soinu-banda berriz, ba ez daukala esan genezake. Entzuten den gehiena inguruko zaratak, gure pausoak, eta gauzak manipulatzen ditugunean gertatzen diren soinuak dira. Momentu batzuetan musikatxo bat dago, baina oso segundo gutxikoa, orokorrean puzzle bat osatu ondoren, edo aurrera jarraitzean adibidez. Limbon bezala, ez dago musikarik, eta horrek ere izu-sentsazio bat emango digu.

Badaezpada argi utzi nahi nuke jokoa ez dela beldurrezkoa, inola ere ez, atmosfera pixkat beldurgarria da, baina pixkat horrek mandoa edo teklatua ez askatzeko gogo gehiago ematen dizkigu.

Jokoak bi amaiera desberdin ditu: ona eta txarra. Amaiera ona lortzeko, ezkutatuta dauden gailu batzuk apurtu behar ditugu. Niri txarra tokatu zait, erdia ere ez ditudalako topatu eta.

Hasieratik jokoaren istorioa ez da batere argia. Ez dakigu mutila nor den, zer gertatzen ari den, zeintzuk diren bere helburuak, zer leku mota den hori eta zein asmokin dabiltzan garunak kontrolatzen,... Gainera, amaiera txarraren azken faseak zur eta lur utziko du edonor, baina konturatzen garenerako, jokoa bukatu da. Honek istorioaren interpretazio librerako aukera ematen du, eta topatu daitezke honi buruzko teoria desberdinak interneten. Honek ez dit grazia handirik egiten, nahiago dut beti istorioak argiak izatea hasieratik bukaerara, baina hori norberaren gustoak dira. Eskerrak ez diedala jokoen istorioei garrantzi gehiegirik ematen, bestela nahiko kritikoa izango nintzela uste dut.

Laburbilduz, jolasteko aukera baduzue, aprobetxatu. Pena merezi du, eta honen atmosfera beldurgarriak ez digu utziko jokoa alde batera uzten. Limbo gustoko izan bazenuten, Inside ere gustatuko zaizue. Nahiz eta bestea jolastu gabe izan, joko honek besteari ere aukera bat ematera animatuko zaituzte.