Enpresa japoniarraren azken finantza-txostenak bideojokoa Europan eta AEBetan 2021eko martxoaren aurretik argitaratuko dutela zehazten du.

Persona 5 Scramble joan den otsailaren 20an estreinatu zen Japonian. Jatorrizko Persona 5 zein P5 Royalek mendebaldean salmenta onak lortu arren, Scramblek ez du Europa eta AEBetarako argitaratze datarik izan; Koei Tecmok data horren berri eman du enpresa barneko txosten batean.

Persona Central webgunea mintzatu da horri buruz. Enpresa japoniarraren finantza-txostena arakatuz kaleratze data zehatzik ez, baina martxoaren 21a baino lehen Scramble mendebaldean argitaratzeko asmoa dutela ikus daiteke. Aipatutako plataformak PS4 eta Switch dira, Japoniako berberak.

Ez da Persona 5en jarraipena mendebaldean argitaratuko dela aipatzen den lehen aldia. Joan den urteko abenduan Persona 5 Strikers marka erregistratu zuen Segak; Japonian bideojokoa Persona 5 Scramble: The Phantom Strikers bezala ezagutzen da. Izen aldaketa mendebaldeko merkatura egokitzeko egin dutela uste da.

Persona 5 Scramble musou erako bideojokoa da. Aurreko atalarengatik urruntzen da horrela, Persona zein Shin Megami Tensei sagak JRPGak baitira. Atlus eta Segaren saga izan arren, musou hau Koei Tecmoren Omega Force garatzaileak sortua da, eta bosgarren atalaren jarraipen zuzena da.