Martxoaren 21era begira 5 eta 6 milioi kontsola merkaturatzea pentsatzen ari dira japoniarrak.

Bloomberg agentziak azaldu duenez, koronabirusaren ondorioz Playstation 5aren produkzioa mugatu eta PS4a argitaratu zutenean baino kontsola gutxiago merkaturatzea aurreikusten du Sonyk.

Agentziaren arabera kontsolak dituen "eskaera tekniko gogorrek ekoizpen kostu handiak izatera eramaten dute". Bideojokoen garatzaileek adierazi dutenez "PS5aren prezioa 499$ eta 549$ bitartekoa" izan daiteke.

COVID-19aren pandemiak Sonyk kontsola berrirako prestatutako "sustapen planetan eragin zuzena" izan duela dio agentziak; halere, kontsolaren produkzio maila "mantendu" egin dela nabarmendu du.

Hori horrela, kontsola urte bukaeran argitaratzen dutenetik martxoaren 21era bitartean "5 eta 6 milioi kontsola merkaturatzea" aurreikusten du Sonyk. PS4a 2013ko azaroan argitaratu zutenean, denbora tarte berberan 7,5 milioi saldu zituzten.

Playstation 4aren komunitatea indartu

Merkaturatutako kontsolen kopurua mugatuta, Sonyren estrategia berria "PS4aren erabiltzaileen komunitatea indartzea" izango dela azpimarratzen dute Bloombergetik. Horretarako PlayStation Plus eta PlayStation Now bezalako zerbitzuak hobetzeko lan egingo du Sonyk.

Pandemiak Playstation 5aren produkzio lanetan eraginik izan ez duenez, kontsolaren argitaratze data aurreikusitakoa izango da: 2020ko gabonak. Orain gutxi Sonyk DualSense izeneko PS5aren aginte berria iragarri zuen.