Sonyk kontsola berria aurkeztu eta bere katalogoan egongo diren jokoen zerrenda luzea erakutsi du.

Belaunaldi berria hemen da jada. Sonyk The Future of Gaming aurkezpenaren emisioa egin zuen ostegunean; Playstation 5eko lehen bideojokoak erakutsi eta kontsola aurkeztu zuen ordubete eta laurden inguru iraun zuen emisioan.

Ustekabeko ederra emanda, bideojokoen aurkezpenaren azken minutuak Playstation 5aren diseinua erakusteko erabili zituen Sonyk. “Kontsola deigarria, txundigarria eta aurreko Playstationekin zerikusirik ez duena sortu nahi izan dugu”.

Kontsola bi modelo desberdinekin kaleratuko da. Playstation 5 normalak diskoen euskarria edukiko du; PlayStation 5 Digital Editionak, bestalde, euskarri digitala soilik erabiliko du.

Modeloa edozein izanda ere, “jokatzeko esperientzia bietan berbera” izango dela agindu du Sonyk. Apirilean erakutsitako DualSense agintearekin batera multimedia edukietatik nabigatzeko balioko duen agintea, mandoentzako kargatzailea, kaskoak eta Playstation Camera berria kaleratuko dituzte japoniarrek PS5ari laguntzeko.

Argitaratze data zehatzik gabe, eta prezioari buruz ezer esan gabe, Playstation 5a urte honetako gabonetan kaleratuko dela da argi dagoen bakarra. Datozen egunetan Sony are informazio gehiago argitzen joatea espero da.

Aurpegi berri zein ezagunak datorren belaunaldian

Esperotako jarraipenak eta ezustekoak, denetarik ikusi ziren PS5aren lehen aurkezpen handian. GTA V kontsola berrira lehen egunean iritsiko dela iragarri ondoren, Insomniac Gamesek Playstation Studios markaren izenpean argitaratuko duen belaunaldi berriko lehen jokoa erakutsi zuen. Spider-Man Miles Morales PS4ko superheroi araknidoaren jarraipena izango da; PS5a gabonetan kaleratzerakoan kontsolarekin batera ikusiko da.

Autoen lasterketen zaleak poztu zituen iragarpenarekin jarraitu zuten. Kazunori Yamauchik sortutako autoen saga famatuak zazpigarren jokoa edukiko du: Gran Turismo 7k atal grafiko ikusgarria izango du belaunaldi berrian.

Insomniac buru-belarri dabil lanean, eta Spider-Man ez da PS5erako garatzen ari den lan bakarra. Ratchet & Clank: Rift Apartek heroi ezagunak abentura berri bat bizitzera eramango ditu. Raytracinga eta SSDa erabilita lortu dituzten trantsizio dimentsional azkarrei esker Playstationeko abenturazaleak inoiz baino hobeto ikusiko dira.

Square-Enixen Project Athia misteriotsua, Shinji Mikamik garatutako GhostWire: Tokyoren gameplay bideoa, 47. agentearen itzulera Hitman 3rekin, dagoeneko ikusita genuen Godfall, eta beste hainbat joko ere ikusi ahal izan ziren aurkeztutako lanen artean. Sackboy ere bueltan da A Big Adventure plataforma abenturarekin, eta Capcomek Pragmata izeneko obra liluragarria erakutsi zuen.

From Softwaren obra ahaztuenetako bat berriz jokatzeko aukera egongo da kontsola berrian. Demon’s Souls Sonyren esku geratu da: remake bezala bueltatuko da Bluepoint Gamesen eskutik. Arte estiloan aldakuntzak izango direla ikus daiteke, baina jatorrizko jokoaren arima berbera edukiko duela agindu dute garatzaileek.

Kena: Bridge of Spirits Ember Lab garatzailearen lehen bideojokoa izango da. Atal grafiko ederra edukiko du, The Legend of Zelda gogora ekartzen duen gameplayarekin batera. Estudio honen lana aurkezpenaren ezusteetako bat izan da, zalantzarik gabe.

Arkane Studiosek bere 20. urteurrena akziozko joko berria kaleratuz ospatuko du. Iazko E3an iragari zen Deathloopen lehen gameplaya ikusi ahal izan zen Sonyren aurkezpenean. Dishonoreden ikusitako antzeko ahalmen bereziak erabiltzeko aukera egongo da shooter berezi honetan.

Capcomek bere tokia eduki zuen urteko ekimenik handienetako bat izan zenean, eta begirada guztiak erakartzeko bere saga arrakastatsuenetako baten jarraipena aurkeztu zuen. Orain hilabete batzuk filtratutako informazioa egiazkoa zen, eta Resident Evil Village beldurrezko sagaren zortzigarren atala izango dela baieztatu dute japoniarrek. Berriz ere Ethan Wintersen kontrola hartuko dute jokalariek lehen pertsonan jokatuko den abentura beldurgarrian.

Bideojokoen aurkezpena bukatzeko Sonyk bere Playstation Studios marka berriaren lanetako bat erabili zuen azken aldiz. Playstation 4arekin hasita Horizon Zero Dawn arrakastatsuak jarraipena izango du belaunaldi berrian: Horizon: Forbidden Westek Playstation 5ak lortu dezakeen guztia agerian jarri zuen. Aloyren hurrengo abentura Sonyren kontsola berriko joko itxaroenetako bat bihurtzera pasatu da.

Aipatutako bideojokoei StrayReturnalDestruction AllstarsNBA 2K21Oddworld SoulstormGoodbye Volcano HighJETT: The Far ShoreLittle Devil InsideSolar Ash eta Bugsnax gehitu zitzaizkien Playstation 5aren bideojokoen aurkezpenean.

Lehen aipatu bezala, Playstation 5a 2020ko azken asteetan kaleratuko du enpresa japoniarrak. Falta den azken urte erdian kontsolaren ezaugarri guztiak eta argitaratzeko dauden lehen bideojokoen informazio osoa argitaratzen joango da Sony.

Game Erauntsiatik aurkezpenaren jarraipena egin genuen. Gure erreakzioak ikusi eta entzun nahi izanez gero, Sonyren osteguneko ekimenaren bideo osoa ikusgai dago GEren youtubeko kanalean: