Bizi dugun itxialdiaren egoerak ondorio ugari ekarri ditu bideo-jokoen industria eta kontsumoari lotuta. Hasteko, bideo-joko garapenari buruzuko ebentu gehienak bertan-behera geratu dira edo online formatura bideratu dira. Horri lotuta, bideo-joko garatzaile konpainia askoren lana bertan-behera geratu da, merkaturatze asko atzeratuz. 

Baina, ondorio positiboak ere badaude, izan ere, bideo-joko kontsumoa handitu da, esaterako, online erosketen bitartez, hala nola e-sports-en presentzia.

Baina, kalera irten gabe egon garen bitartean,  zer gertatu da Niantic garatzailearen Pokemon Go errealitate areagotuko bideo-jokoarekin? Asteak pasata aldaketak egon dira eta laister etxetik jolasteko gida bat eskeiniko dute.

Etxeko eskuragarritasuna

Hasteko, azpimarratu behar da gure bizilekuak jokatzeko modua baldintzatzen duela. Hirigunean bizi bagara aukera gehiago ditugu gure etxetik gimnasio eta geraleku batzuk eskuragarri izateko. Hau gertatzekotan, jolasten jarraitzea errazagoa izan da itxialdia bitartean, izan ere, eguneroko egiteko minimoak erraz gauzatu ahal dira: pokemonak harrapatu eta geralekuak biratu.

Egoera honi aurre egiteko, Nianticek aldaketa garrantzitsu bat ezarri zuen jokuan: jokalariaren eskuragarritasun erradioa handitu egin du. Horrela bada, gure inguruko elementu gehiagora iritsi gaitezke eta ez soilik ondoan ditugunetara.

Guzti hau geolokalizazioarekin lotuta dago eta abentura sinkronizazioa hobetzeko, hau da, gure kokapen zehatza, ahaleginak egin ditu Nianticek.

Gimnasioetako koloreak

Horretaz gain, etxean kolore desberdineko kontu bat baino gehiago izanez gero, gimnasioetan mugimendua sor dezakegu, poke-txanponak egunero eskuratuz. Eta hori izan da etxean gelditzearen lehenengo gakoa: egun batetik bestera oso mugimendu gutxi egon da gimnasioetan eta txanponak lortzea zailagoa izan da. Gimnasioan pokemonak kokatu dituen jendea nabarmen jaitsi egin da eta ondorioz ez dira kolorez hainbeste aldatu.

Egoera hori azkar aldatu zen goizean eta arratsaldean paseatzeko aukera sortu zenean. Pixkanaka, mugimendua handitu egin zen eta gimsioetako kolorea egunero bizpahiru aldiz aldatzen da orain.

Raidetako pokemonen bila

Jokuak daukan alderdi kolektiboa raid-etan dago. Raidak egiteko, hau da, pokemon boteretsu bat harrapatzeko, zailtasunaren arabera pertsona talde kopuru handiagoa edo txikiagoa behar da. Etxetik eta bakarrik pokemon ez hain indartsuak harrapatzeko aukera izan dezakegu, baina boteretsuak direnei aurre egiteko lagunak behar ditugu —beti ere, GPSarekin tranpa egiten ez badugu—. Berriro ere, toki eta ordu batean elkartu ezinaren arazoa aurkitu dugu honetan, jokalariek raid handiak egiteari utzi diotelako, kalean bildu ezin garelako. Horretaz gain, Iphone erabiltzaileek buruhausteak sortu dituen akats tekniko bat pairatu dute raidak egiteko momentuan.

Raidak etxetik egiteko garatzaileek urruneko baimenak gehitu dituzte. Funtzionamendua ohikoaren antzekoa da, baina desberdintasun nabarmen batzuk ezarri dituzte edo ezartzeko asmoa daukate. Lehendabizi eta logikoa denez, ez gara tokian bertan egon behar raida egiteko. Beti bezala, beharrezkoa da jendea antolatzea, baina gehienezko parte-hartzaile kopurua mugatua da. Horretaz gain, distantziaren arabera eraso-boterea aldatu egin nahi dute —gimnasiotik gertuago egonda, erasoak boteretsuagoak izatea nahi dute—.

Eta ebentuak zer?

Astero eta hilabetero antolatzen ziren ekintzetan ere aldaketak egon dira. Hasieran bertan-behera geratu ziren, jendea kalera irtetzea ez bideratzeko. Baina egoera normaldu ahala, pixkanaka etxetik jolasteko hainbat ebentu txiki aurrera eraman dituzte.

Esaterako, arratsaldeetako ebentu berezietan pokemon bat eskeini dute eta kolore anitzetakoa harrapatzeko aukera mantendu egin da, azkenekoa Carvanha izanik. Bestalde, 2020 itzulera izenarekin astero Pokemon generazio bat nabarmendu egin da, ikerketa berri bat eskainiz eta bukaeran Pokemon legendario bat harrapatzeko aukera emanez. Horrelako ebentuak interesgarriak dira azken hilabetetan jokura gehitu direnentzat, izan ere, gaur egun, momentuz, 646 pokemon daude baliagarri eta denak ez dira batera eskeintzen harrapatzeko.

Azken Community Day-ak ere bereziak izan dira. Hasteko, martxoko komunitate eguna bertan-behera geratu zen. Apirileko jardunaldiaren iraupena hainbat orduz luzatu zuten, hiru ordukoa izan beharrean sei ordukoa izanik. Ordutegia, goizeko 11etatik arratsaldeko 17ak arte izan zen, jolasteko ez oso aproposa, izan ere, Hego Euskal Herrian ezin gara paseatzera atera ordu horietan. Paseatzeko murrizketa hori indarrean egongo da maiatzak 24 igandeko komunitate egunean. Horri erantzunez, Nianticek baldintza berezietan zabaldu du maiatzeko komunitate eguna “Etxean geratu” leloa gehituz eta berriro ere objektu eta ikerketa bereziak eskainiz. Beharbada, ekainari begira, kalera normaltasunez kalera ateratzeko aukera izango dugu.

Bestelako berrikuntzak

Etxetik jolastea bideratzeko Nianticek bestelako elementuak gehitu edo berritu ditu. Hauen artean esanguratsuena bideo-jokalarien arteko borroka dira, Pokemon Go Battle League, lagunekin edo online dauden ezezagunekin jolasteko aukera ematen duena. Hainbat asteko iraupena duen ligaxka honetan irabazitako borroken arabera sariak eskuratu daitezke.

Objektuen erabilpena ere aldatu da. Urrutiko raidak egiteko sarreretaz gain, intsentsua eta amuen erabilera sustatu nahi izan dituzte hauen iraupena luzatuz. Horretarako, poke-txanpon baten truke objektu hauek eskuratzeko aukera eman du Nianticek.

Ikerketa berriak gehitu direla aipatu dugu, baina horretaz gain, poke-geraleku batera hurbildu gabe eguneko ikerketa berri bat lortzeko aukera dago. Gainera, ikerketa hauek oso errazak dira etxetik egiteko, adibidez, jaurtiketa onak egitea, pokemonak harrapatzea edo hauek transferitzea. Aldi berean, raidetako pokemon legendarioak aldatuz joan dira, ohikoa den bezala.

Azkeneko berrikuntza bat aipatzeagatik, maila grafikoan egon diren aldaketak azpimarratu ditzakegu. Hau batez ere borroka egiterakoan nabarmendu da, menuak aldatu direlarik.

Normaltasun berria?

Ikusi daitekeenez aldaketa ugari egin ditu bideo-jokoak azken aste hauetan, baina, ez dakigu hauek betirako izango diren edo ez. Berrikuntza hauetako batzuk oso interesgarriak dira, esaterako, egunero ikerketa berri bat jasotzea. Beste batzuk, halabeharrez geolokalizazioara lotuta egotearekin haustura suposatu dute, jolasaren muinetik urrunduz. Gainera, ez dugu ahaztu behar Nianticek oraindik ez duela argitaratu jadanik iragarri duen etxetik jolasteko gida —webgunean argibide batzuk daude, baina aplizioan ez dituzte eskaini—. Ekainak 1ean jokoa zazpi orduz geldituta egongo da zerbitzariaren mantentzea gauzatzeko. Seguruenik orduan aldaketa gehiago ezagutuko ditugu.

Argi dagoena da gure ohiko bizitzara itzultzearekin batera, Pokemon Goren bideo-jokalariek ere ohiko jolasteko modura itzultzen ari direla. Seguruenik hurrengo asteetako raid topaketetan musukoak eta gure arteko distantziak handituko dira. Baina, horretaz aparte, itxaron beharko dugu jakiteko garatzaileek zein nolako aldaketetara bideratzen gaituzten.