Slightly Mad Studiosek ezustean iragarri du auto lasterketen bideojoko berria.

Project Cars 3ren garapena ez zen inolako sekretua, baina halere Slightly Mad Studiosen auto lasterketa jokoaren iragarpena ezusteko hutsa izan da, argitaratze datarengatik bada ere. PC3 uda honetan kaleratuko dutela iragarri dute; PC, Playstation 4 eta Xbox One plataformetarako garatzen ari dira ingelesak.

Auto lasterketa saga arrakastatsuak zuzendaritzan aldaketak izan ditu: Paul Rustchynsky PS4ko DriveClub lasterketa jokoaren arduraduna izan zena da Project Cars 3ren zuzendaria.

Fitxaketa horrekin batera bideojoko irisgarriagoa garatzen ari direla azaldu dute Slightly Mad Studiosekoek; jokalari berrientzako aukera berriekin eta aldaketekin simulatzaileetatik pixkat urrundu eta arkade erako lasterketetara are gehiago hurbildu nahi dutela uler daiteke.

Rivals deitutako joko mota berria aipatu dute garatzaileek. Project Cars 2n ikusitako Community Eventsak ordezkatzera dator Rivals: multiplayer asinkronoan oinarritutako joko mota izango da eguneko, asteko eta hilabeteko ekimen bereziekin. Bertan jokalariak mailaz igoten joango dira puntuak lortzen dituzten heinean.

Oraindik argitaratze data zehatzik ez duen arren, udan estreinatuko dela ikusita laster jakingo dugu Project Cars 3 kaleratuko den eguna.