From Softwaren azken bideojokoak 5 milioi ale saldu dituela jakinarazi du Activisionek.

Sekiro: Shadows Die Twice joan den urteko martxoan estreinatu zen, eta ordutik hona eguneraketa gutxi jaso dituen arren, Activisionek bideojokoaren zaleei ezusteko txiki bat eman die. From Softwaren obrak erronka eta borroka berriak edukiko ditu doako DLC baten bidez.

Reflections of Strength deitutako borroka bereziek dagoeneko gainditu ditugun etsai nagusiak itzuliaraziko dituzte. Horietan parte hartzeko eskultorearen idoloetako menura joan beharko da; etsai nagusien aurka bakarka edo bata bestearen atzetik jokatu ahalko da.

Activisionen blogean zehazten denez, borroka horiek Gauntlets of Strength izeneko erronketarako entrenamendu aproposak izango dira. Benetan zailak egingo direla agindu dute arduradunek: bizi bakar batekin gainditu beharreko desafioak dira horiek. Hil ezkero, erronkak hasieratik hasi beharko dituzte jokalariek.

Aipatutakoak ez dira DLCak ekarriko dituen berritasun bakarrak izango. Sekirok hiru jantzi desberdin eskuratuko ditu: Tengu eta Old Ashina Shinobi jantziak nabarmendu dituzte blogean, baina hirugarren ezkutuko jantzia ere lortu ahalko da.

Gehigarriak iragartzeaz gain, Sekiroren salmentei buruz ere mintzatu dira jokoaren arduradunak. Joan den urtean estreinatu zenetik 5 milioi ale baino gehiago saltzea lortu du From Softwaren abentura bikainak.

Doako DLCa urriaren 29an estreinatuko da Sekiro jokatu daitekeen plataforma guztietan: PC, PS4 eta Xbox Onerako estreinatu da jokoa, baina gehigarria kaleratzen den egun berean Googlen Stadia plataforman ere jokatu ahalko da.