Joko hau 3DS kontsolarako RPG esklusiboa da, eta kontsola berean atera zen Shin Megami Tensei IV jokoaren jarraipena. Aspaldi egin nuen aurreko jokoaren analisia, oso luzea, baina jokoa aurrekoaren oso antzekoa denez, ez naiz detaile askotan sartuko. Dena den, analisi hori (berr)irakurtzera animatzen zaituztet, batez ere istorioa eta mekanikak ulertu nahi badituzue. Oraingoan ere, jokoa ingelesez bakarrik dator.

Apocalypse aurrekoaren amaiera neutralaren azken urratsak jarraitzean gertatzen da, istorio berri bat ekarriz. Istorio hau ere oso konplexua da, eta aurrekoa baino askoz ilunagoa ere. Aurreko jokoan 3 bide desberdin aukeratu genitzakeen: ordena, kaosa, eta neutraltasuna. Oraingoan jokoak amaiera neutralera eramaten gaitu zuzenean, eta beste bi bide ditugu aukeran: neutral baketsua eta neutral anarkikoa. Posible da ordena eta kaosaren amaierak ere aukeratzea, baina jokoa oso goiz amaitzen da, gomendio bezala saihestu amaiera hauek.

Istorio honetan, ordena eta kaosaren arteko azken guda hastera doa deabruz beteriko Tokio apokaliptiko batean. Ordenaren burua Merkabah goi-zalduna da, eta Yahveh jainko judu-kristauaren aginduak jarraitzen ditu. Yahvehren helburua Tokio erabat suntsitzea da, eta Ekialdeko Mikadon ezarri aukeratutako gizakien erreinu milenarista. Kaosaren burua berriz Luzifer da, bere helburua Tokio eta Mikadon gizaki eta deabruen arteko behin-betiko guda bat sortzea da, non indartsuenek bakarrik izango duten bizirauteko eskubidea. Amaitzeko, alde neutralean, Tokioko biztanleak ditugu; beraien liderrak Deabru-Ehiztarien Erakundeko buruak dira, eta hauen helburua deabruak behin-betiko gainetik kentzea da, Tokio eta Mikadoko biztanleak armonian bizi daitezen. Horretarako beraien esperantza guztia Mikadoko Flynn eta Isabeau samuraietan dute jarrita (aurreko jokoaren protagonistak, oraingoan pertsonaia sekundarioak), hauek Merkabah eta Luzifer garaituko dituztelakoan.

Baina oraingoan (hemen hasten da istorio berria), beste arerio batzuk agertu dira: erlijio politeistetako hainbat jainko ezberdinek beren indarrak batu dituzte, Botere Jainkotiarren Taldea sortuz. Ezagutzen dugun unibertsoa guztiz suntsitu nahi dute, gizakiei salbamendu faltsu bat eskainiz. Jainko hauen burua hinduismoaren Krishna jainkoa da, eta berarekin batera daude Odin jainko eskandinaviarra, budismoko Maitreia, eta beste hainbat. Hauek Flynn bahitu dute, beren alde jartzeko konbentzitu nahi dute. Egoera latz honen aurrean, Merkabah, Luzifer, eta Deabru-Ehiztarien Erakundeak su-eten bat adostu behar izan dute, denen artean jainko politeistei aurre egiteko.

Joko honetako protagonista nagusia Nanashi izeneko nerabe bat da. Bera eta Asahi, bere lagun onena, deabru-ehiztari izateko entrenatzen ari dira, baina segada batean deabru batzuek hauen tutoreak eta Nanashi hiltzen dituzte. Beste munduan, Nanashik Dagda jainko irlandarrarekin egiten du topo, eta honekin akordio batera iritsi: Dagdak Nanashi berpiztuko du, baina trukean, Nanashi bere jainko-hiltzaile bilakatuko da, eta Dagdaren izenean jainko eta deabru guztiak hil beharko ditu. Badirudi Dagdak ez duela gainontzeko jainko politeistekin bat egin, baina zer azpijoko ote dauka buruan?

Istorio luze hau alde batera utzi eta jokogarritasunaz hitz egiteko unea da. Orokorrean aurrekoaren ia berdina da, baina aurrekoak zituen akats guztiak konpondu dituzte. Hasteko, lehen mapan inoiz ez genekien zehazki nora joan behar ginen, eta ohikoa zen galtzea; oraingoan berriz beti seinalatuko digu nora joan behar garen istorioarekin aurrera jarraitzeko, geure kabuz esploratzeko aukerarekin, horrela nahi badugu. Borrokan ere erasoak orekatu egin dira, dena bidezkoagoa eginez, eta gauza arrarorik gabe.

Nanashi eta Asahi ez dira deabruen aurka bakarrik ibiliko, pixkanaka lagun-talde bat osatzen joango dira. Borroketan lagunetako batek lagunduko digu; bakoitzak bere ezaugarri eta berezitasunak ditu, beraz momentu bakoitzean egokiena zein den ondo pentsatu beharko dugu.

Zailtasunean egon den hobekuntza aipatu beharra dago. Aurreko jokoaren hasiera oso gogorra zen, baina aurrera gindoazela zertxobait errazten zen. Oraingoan berriz, zailtasun kurba askoz ere hobea da, eta ez gara hasieratik frustrazioan eroriko. Aurrekoan bezala, nahi dugunean aldatu dezakegu zailtasuna, hau erraztuz edo gogortuz. Ez nago oso ziur ea jokoa errazegia egin duten oraingoan, edo mekanikei trukoa hartu ote diedan. Aurreko jokoan 6. mailan nengoela normaletik errazera pasa behar izan nintzen, oraingoan berriz 64. mailaraino aguantatu ahal izan dut.

Grafikoen aldetik, orokorrean jokoa oso birziklatuta dago. Mapak, ziegak, eta ia dena aurrekoaren berdinak dira. Dena den, badira ziega berri asko, eta hori eskertzen da. Orokorrean nabaritu dezakegu joko berri baten aurrean gaudela, baina deja-vu sentsazioak tarteka izango ditugu. Soinu-bandarekin ere antzeko egoera batean gaude: pieza berriak ditugu, baina aurrekoaren gehienak berrerabiltzen dira. Zorionez, pieza berriak oso onak dira ere, aurreko jokoaren kalitatea mantentzen dute.

Nolabait, eduki aldetik, oraingoan askoz ere gutxiago dagoela esango nuke. Ziega gutxiago, aukerazko misio gutxiago,... Baina ziega asko oso luzeak dira, gehiegi agian. Normala horrela 50 ordu behar izatea jokoa amaitzeko.

Deabruen negoziaketarako elkarrizketa berriak ditugu, eta hemen umorea ez da falta. Fitxatu nahi nuen lehen deabrua beste planeta bateko estralurtarrei buruzko konspirazio batez hitz egiten hasi zen, ospa egin zuen arte. Hurrengoarekin saiatu, eta bere amatxo ote nintzen galdetu zidan. Deabru bakoitzarentzat patroi desberdinak erabiltzen dira, merezi du pena konbinaketa guztiak probatzea. Aurrekoan 400 deabru genituen, oraingoan 450 desberdin; batzuentzat diseinu berriak daude, den-denak oso xelebreak dira.

Onartu behar dut aurrekoa gehiago gustatu zitzaidala, nire ustez istorio hobea zuen, baita eduki gehiago ere. Baina oraingoak ez du inola ere ez huts egiten, eta egin dituzten hobekuntzei esker kriston esperientzia ona dugu ziurtatuta. 3DSko, eta agian jenerazioko RPG onenetarikoak dira biak. Aurrekoa ez bazenuten jolastu, emaiozue aukera bat, benetan; eta jolastu bazenuten, ez dakit zeren zain zaudeten honekin hasteko.

Amaitu aurretik, abisu bat eman nahi dut. Aurreko jokoan erlijioa dexente kritikatzen zen, jolastu zenutenok nabarituko zenuten, baina oraingoan asuntoa urrunago doa. AEBko komunitate hinduista txiki bat kexatu da Krishnaren itxuraz, txirula batekin dabilen gangster bat dirudielako. Baina kristautasunaren ikuspuntua hartuz gero, istorioan aurrera egiten dugula, iraingarriak izan daitezkeen gauzak gertatzen dira. Agian ez da horrenbesterako, baina badaezpada komentatzen dut. Zuen sinismenak seriotasunez hartzen badituzue, baliteke joko hau zuentzat ez izatea.

Ba bai, analisi hau ere oso luzea gelditu zait, baina gauza gehiegi zeuden kontatzeko.