Gokuren formarik boteretsuena hirugarren denboraldiko bigarren borrokalaria izango da, Keflaren atzetik.

Otsailean FighterZren hirugarren denboraldiari hasiera eman zion Bandai Namcok, eta orain denboraldiko bigarren borrokalariaren txanda iritsi da. Son Goku bere Ultra Instinct transformazioa erabilita maiatzaren 22an helduko da Dragoi Bolaren borroka jokora.

Dragoi Bola Super telesailean lortu zuen Son Gokuk aipatutako forma berria. Norbere senak aginduta etsaien erasoen aurrean erreakzionatzea da Ultra Instinctek eskaintzen duen ahalmena, eta hori FighterZ-n modu bikainean islatu dute garatzaileek.

Trailerrean ikus daitekeenez Son Goku UIk erasoak saihestu eta horiek bueltan itzultzeko hainbat mugimendu berezi izango ditu; counter eta parryetan oinarritutako borrokalaria izango da.

Dragon Ball FighterZ orain bi urte pasata argitaratu bazen ere, Arc System Works garatzailea etenik gabe lanean aritu da beraien lana hobetu eta handitzeko helburuarekin.

Horren erakusgarri bikainak dira orain arte ospatutako hiru denboraldiak. Bakoitzak borrokalari eta aldaketa berriak gehitu dizkio FighterZri, eta hirugarren denboraldian aldaketa horiek areagotzeko asmoz agertu dira garatzaileak.

Son Goku UI kaleratuta, oraindik beste hiru borrokalari faltako dira hirugarren denboraldia osatzeko. Bandai Namcok ez du argitu nortzuk izango diren, baina zaleen artean Dortoka maisua, Mr. Satan edota Omega Shenron bezalako pertsonaien aldeko apustuak ikusten ohi dira.