Espazio ontzien borroka jokoa urriaren 2an estreinatuko da PC, PS4 eta Xbox Onean. Plataforma desberdinetako jokalariak elkarren artean lehiatu ahalko dira.

EA Play Live ekimen digitala izan zen Electronic Artsek izarretako gerraren bideojoko berriaren gameplaya aurkezteko unea, trailer zinematiko batekin obra iragarri ondoren. Pilotu erreboltariak zein Inperioko soldaduak kontrolatuta elkarren aurkako borroka espazialetan parte hartzea izango da Star Wars Squadronsen ardatz nagusia.

Bideojokoak jokalari bakarrarentzako modua zein multiplayerra edukiko du. Lehenengoan hainbat misio betetzea izango da helburua; bakarka edo beste lau pilotuz osatutako eskuadroietan biziko dira horiek.

Multiplayerrera jokatzen dutenek bi joko moten artean aukeratuko dute. Arerioen espazio ontzi nagusia hondatzea izango da jokalariaren helburua Fleets Battles izeneko joko motan. Dogfights izenekoan, bestalde, bost jokalariz osatutako bi talde elkarren aurka ariko dira ontzi bakarra geratu arte.

Bando bakoitzak ezaugarri desberdinak edukiko dituzten zortzi ontzi desberdin erabiliko ditu. Horiek pertsonalizatzea posible izango da; EAk agindu duenez ez da mikrotransakziorik egongo.

Bideojokoak errealitate birtualeko gailuen euskarria edukiko du; ontziak lehen pertsonako ikuspegitik kontrolatuko direnez betaurrekoak erabiltzea aproposa izango da. Horrela, “pilotatze esperientzia definitiboa” sortzea bilatzen dute Squadronsen arduradunek.

Star Wars Squadrons urriaren 2an estreinatuko da. PC, PS4 eta Xbox Onerako kaleratuko dute; plataformen arteko jokoa ahalbideratuko du izarretako gerraren bideojokoak.