Subnautica joko itzelaren gertaeren ostean ematen den istorioa da Below Zero. Oraingoan ere, Subnauticaren lehen jokoko gertaerak baino pare bat urte beranduago, 4546B planetan aurkitzen gara; Zero Sektorea deritzon leku hotz batean dagoen Alienen Ikerketarako Zero estazioan hain zuzen ere. Robin Godall ikertzaileak bere lankide Jo Jeffreyren desagertzea ikertu beharko du. Laster, izotz, ur (litroka eta litroka) eta izugarrizko landare eta izakiz beteriko abentura batean murgilduko gara. Abentura esan dut, ez biziraupen jokoa, ez eta esplorazio jokoa zehazki.

 

Below Zero

 

Izan ere, Subnautica ez zen jaio biziraupen joko gisa. Shubhankar Parijat-ek GamingBolt aldizkarirako egin zuen elkarrizketa batean, Unknown Worlds Entertainmenteko ko-fundatzailea eta Subnauticaren joko zuzendaria ere baden Charlie Clevelandek zera esan zuen:

“Sekula ez genuen Subnautica biziraupen gisa pentsatu. Ezezaguna den hori esploratu eta ur-azpian egotearen esperientzia da jokoaren helburua. Steamen early access bezala argitaratu genuenean, ura eta janaria bezalako biziraupenerako oinarrizko elementurik ere ez geneukan. Ondo gogoratzen dut gure jokalarietako batek nola esan zidan ‘Zela AUSARTU zarete biziraupen joko bat egiten biziraupenerako mekanikarik gabe!?’ eta horrek ohartarazi ninduen. (...) Lagungarriak izan dira (biziraupenerako mekanikak), askotan ikusten genituen jokalariak geldi geratzen, hasierako kapsulatik atera gabe, batez ere gauez! Garraio hobea, lorategiak eta biltegia hobetzean, naturalki jana eta ura lortzeko lanak errazten dira, baina ordurako norberak norbere helburuak lortzeko gogoa izan ohi du.”

Subnautica jolasteko aukera izan duenak jakingo du abentura honek duten esplorazio eta krafteo (lehengaien bitartez bestelako material edo tramankuluak sortzea) maila zoragarria; nahiz eta ez den zehazki ere krafteoan oinarritzen den jokoa. Izaki berriak egongo dira: arrain ugari, pinguino antzeko hegaztiak eta lurgaineko beste batzuk baita. Gainera, garraiorako bi ibilgailu berri sortzea izango dugu: itsas-kamioia eta snowfox (elurretako azeria) izenekoak; bata uretarako eta bestea izotzetarako. Eta baita landare berri asko ere (adi oxigeno landarearekin!).

 

Below Zero Snowfox

 

<SPOILERRA: Ondorengo hutsunea aukeratuz spoilerrak irakurri ditzakezu>

Spoiler hauek ez dira horren spoiler handiak. Ez dute joko esperientzia izorratzen. Hala ere, puristek hobe dute ez irakurtzea.

Subnauticako lehen jokoan jolastu duzuenok eta batez ere jokoa amaitu duzuen horiek, bertan kontatzen den istorioari buruz jakingo duzue. Bada argumentuak korapilo berdinari ematen dio jarraipena.

Duela 1000 urte inguru, Almanac izenez ezagutzen den antzinako arraza 4546B planetara iritsi zen. Bertan, gaixotasun alien bat aurkitu zuten eta hura sendatzeko ahaleginetan hainbat estazio eta eraikin teknologiko eraiki zituzten. Tamalez, ez zuten lortu sendabidea aurkitzea. Lehen jokoa baino hamarkada bat lehenago, Degasi izeneko espaziountzi mongoliarra era misteriotsu batean planetan erori zen eta ura jo zuen. Istripu horretan, 6tik hiru pertsona bizirik atera ziren, eta hainbat kokaleku sortu zituzten, teknologia modernoa erabiliz (jokoan hau erabilgarria izan daitekeelarik). Lehen jokoan, Aurora espaziountziko mantenketako nagusiaren azalean jarriko gara. Ryley Robinsonek, Aurora espaziountziko 5. salbamentu kapsulan itsasora ihes egitea lortzen du Aurorak ura jo aurretik, bere bizia salbatuz. Hasiera batean, Alterra Korporazioko Aurora ontziaren misioa fase-ate bat eraikitzea zen, espazioan; baina bigarren mailako helburu sekretu bat zeukan: Degasi ontziko tripulazioa aurkitu eta posible balitz erreskatatzea. Hemen zer gertatzen den, beste batean kontatuko dut, izan ere hori oso spoiler handia litzateke jolastu ez duenarentzat. Eta azkenik, bi urte beranduago, Alterra korporazioak 4546B planetaren orbitan The Vesper (bezpera) izeneko estazioa instalatzen du eta bertan egongo dira Robin eta Sam Godall aizpak. Zero sektorean dagoen Alienen Ikerketarako Zero estaziotik Jo Jeffreyren berririk jasotzen ez dutela ikustean, Robin satelitetik bertara jeisten da eta honen bila hasten da irratiz Samen laguntza duelarik.

Subnautica jokoan izugarrizko ibilgailu politak sortu zituzten, eta oraingoan nagusiak bentzat aldatu egin dituzte, freskotasuna emanez. Eskuko Seaglidea (itsas-irristaria) eta Prawnsuita (ganba-jantzia) mantentzen dira; ikonikoegiak dira. Baina Seamotha (itsas-zitsa) eta Cyclopsa ordea, Seatruck (itsas-kamioia) delakoagatik aldatu dituzte. Seatrucka modularra da eta horregatik Seamoth edo Cyclops bezala balio dezake (ideia bikaina!). Horrez gain, honako honetan lur gainerako ibilgailu berri bat ere sortu dute: Snowfox (elurretako azeria) delakoa.

</SPOILERRA>

Below Zero pinguinoak