Atzerapena jasan du maiatzerako aurreikusita zegoen auto lasterketa eta zirkuitu sortzaileak.

Trackmania auto lasterketa eta zirkuitu sortzaile famatuaren bideojoko berria uztailaren 1ean estreinatuko dela adierazi du Ubisoftek. Trackmania deituta, garatzen ari diren lana 2006an argitaratutako Trackmania Nationsen remakea da.

Hori horrela, bideojokoa atzeratzea erabaki du enpresa galiarrak: maiatzean estreinatzea aurreikusita zegoen. Trackmania soilik PCrako garatzen ari dira une honetan; Ubisoften Uplay plataforman eta Epic Game Storean argitaratuko dute.

Jatorrizko Nationsen gertatu modura, Trackmania honetan joko lehiakorra nagusi izango da. Bideojokoa jokalarien maila guztientzako erronkaz osatuta dago; gameplay ulerterraz eta sinple baina menperatzeko zaila du autoen lasterketa jokoak, hasiberriei zein adituei zuzendutakoa.

Lasterketekin batera aipatutako zirkuitu sortzailea da jokoaren beste ardatzetako bat. Mota desberdinetako elementuak gehituta prestatuko ditugu zirkuituak, ondoren horietan jokatzen aritzeko.

Nola ez, Trackmaniako zirkuituek ez dute kutsu errealista edukiko: era guztietako zorakeriak sortu ahalko dira. Atal hori areagotzeko asmoz, remake honetan bloke eta azalera bereziak gehituko dituztela nabarmendu dute garatzaileek.