Abentura grafiko eta drama interaktibo moduan katalogatutako eta 2014-2015 urteetan argitaratu den joko zoragarri hau oso osorik euskaratzea lortu dugu. Plataforma ezberdinetarako (PC, PS4) eta joko motore ezberdinekin argitaratua izan da. Nahiz eta 2014. urtean argitaratu zen lehen aldiz, jokoa berrituta eta Playstation 4erako 2015an atera zuten.

Denboratxo bat badaramagu joko zaharrak itzultzeko lanean eta gaur egungo joko berriagoren bat euskaraz probatzeko gogoz geunden. The Vanishing of Ethan Carter bogan dagoen joko bat da eta oso kritika onak jaso ditu. Ez hori bakarrik, errealitate birtualarekin jolasteko prestatuta dago eta etorkizunean gehigarriak edota bestelako edizioak ateratzeko ere aukera handiak daude. Besterik gabe, sareko foro batean irakurri genuen joko hau nahiko erraza zela itzultzeko eta horrela hasi ginen lehendabizi ikerketa eta itzulpen lanetan gero.

Jokoaren soinu eta ahotsak ingelesez eta polonieraz bakarrik daude, baina hainbat hizkuntzetara azpititulatuta zegoenez euskaratu zitekeen edo ez begira hasi ginen. Gure harridurarako, itzulpen fitxategiak oso erraz eskuratu eta itzul zitezkeen eta gainera ez gidoiaren azpitituluak bakarrik! Jokoaren interfaze oso osoa, ezaugarrien konfigurazio menu eta guzti itzul zitekeela ohartu ginen. A zer sorpresa gurea!

Agian orain arte modu librean oso osorik itzulia izan den eta joeran dagoen lehen jokoa izan daiteke! Esan beharra daukagu hala ere, itzulpenean akatsen bat edo hobetzekoren bat ere egon daitekeela... gu ez baigara itzultzaile profesionalak. Jokoa bera 19 eurorengatik eskura daiteke eta benetan gomendatzen dugu, istorio eta grafika ikaragarriak baititu.

Besterik gabe, gozatu 2 bider orain joko mundial honekin!

Gidoia

12 urteko Ethan Carter haurraren gutun bat jaso ostean, Paul Prospero fenomeno paranormalen ikertzaileak, Wisconsin estatuko Ethanen Red Creek Vally herrira joatea erabakitzen du. Meatze herrixka honetara iritsi bezain laster ikusten du aktibitate paranormalen eta baita duela gutxiko indarkeriaren zantzua ere.

Ikerketak aurrera egin ahala Prosperok Carter familiaren sekretu iluna aurkituko du: Ethanek Lotia izeneko arima gaizto bat askatu du, bertakoen bizitza arriskuan jarriz. Lotia lasaitzeko bere osaba eta ama Ethan sakrifikatzen saiatu arren, honek alde egitea lortu du bere aitaren laguntzarekin...

Jokoaren lagin bat

Jokoa euskaratu ahal izateko...

Behin jokoa gure ordenagailuan instalatuta daukagularik, deskargatu hemen dagoen zip fitxategia. Zip formatuak deskonprimitzen dituen edozein aplikazio erabiliz deskonprimitu eta bi fitxategi aurkituko dituzu: AstronautsGame.euq eta Languages.def. Lehenengoak itzulpen esaldiak ditu eta bigarrenak berriz, jokoari euskara hizkuntza gehitzeko aukera jartzen dio.

Jokoa instalatuta daukazun lekura joan eta Astronauts karpetaren barruan localization karpeta aurkitu. Bertan aurkituko dituzu beste hizkuntzetako itzulpenak ere. Bi fitxategi hauek hor itsatsi beharko dituzu (Language.def gainidaztea beharrezkoa da!) eta kitto eginda!

Bideo jokoa berriz martxan jartzean, jokoaren aukeretan euskara agertuko zaizu hizkuntzen artean.

OHARRA: Konturatuko zineten bezala, PlayStation 4rako bertsioa ezin izango duzue euskaratu. Hala ere, jokoaren garatzaileekin harremanetan jarri gara eta hurrengo edizio ofizial, partxe edo dena delakoan euskarazko bertsioa sartzeko eskatu diegu. Ea kasurik egiten diguten!