Enpresa frantziarrak akziozko jokoaren PCko bertsioa oparituko du ikuskizuna emititzen den bitartean.

Maiatzean Ubisoftek bere udako aurkezpen digitala iragarri zuen. Bertan Ubisoften etorkizuneko bideojokoen berri emango dute. Ezusteko gehiago ere egongo dira, baina: aurkezpenean Watch Dogs 2 akziozko jokoa oparituko dutela iragarri dute Ubikoek.

Ubisoft Forward deitua, enpresa frantziarrak urtero E3an egindako ekimena ordezkatzeko prestatzen ari dira igandeko aurkezpen digitala. Frantziarrek zehaztu dutenez, 2016. urteko Watch Dogs 2 Uplayko liburutegirako banatuko dute.

Bideojokoa eskuratzeko aurkezpenak irauten duen bitartean erabiltzaileak beraien Uplayko kontura sartu beharko dira. Zehazki, Trackmaniari buruz hitz egin ondoren ikuskizuna bukatu arte edukiko dute WD2 liburutegi digitalera gehitzeko denbora.

Aurkezpena igandean 21:00etan hasiko da. Ubisoften blogean zehazten denez Forwardak 45 minutu inguruko iraupena izango du, beraz denbora tarte horretan adi ibili beharko dira jokoaren zain daudenak.

Bertan ikusi ahalko diren bideojokoen artean oparitzen duten obraren jarraipena nabarmendu dute: Watch Dogs Legioneri buruzko berritasunak ikusi ahal izango dira ekitaldian.