Microsoften kontsolaren jabeek uztailaren 21etik 27ra jaitsi ahalko dituzte demoak.

Valven Steam Festivalekin egin modura, Microsoftek eta Summer Game Festek Xbox Onerako bideojokoen aldi baterako frogak batuko dituen ekimena egingo dute. Summer Game Fest Demo Event deitua, etorkizunean argitaratuko diren obretara jokatu ahalko da bertan.

Ekitaldiaren iragarpena Xboxen blogetik egin du Microsoftek. Bertan azaltzen dutenez, “75 eta 100” bideojoko inguru jaitsi ahalko dira Demo Eventean. Horien artean Destroy All Humans!, Haven, Skatebird, Welcome to Elk edota Cris Tales bezalako lanak ikusiko ditugu.

Microsoftek zehaztu duenez bertan bildutako frogak ez dira ohiko bezalakoak izango: “Gure Demo Channelean dauden frogak bideojokoaren garapena bukatzeko edo bukatuta dagoenean prestatutakoak dira. Hortaz produktuaren azken bertsioaren parekideak dira”.

Ekimeneko froga asko, baina, guztiz garatuta egoteko bide luzea geratzen zaien bideojokoenak izango dira: aurten ospatu gabe geratu diren Gamescom, E3 eta PAX bezalako ekitaldietako geletan ikusi ohi diren antzeko demoak izango direla agindu dute Microsoftetik.

Summer Game Fest Demo Event uztailaren 21etik 27ra egingo da. Xbox One Dashboardaren bidez heldu ahalko da ekimeneko eskaintzen zerrendara.