Txandakako estrategia jokoa ezustean iragarri du Firaxisek. Oraingoan gizakiek eta estralurtarrek bat egingo dute.

Firaxis Gamesek bere estrategia saga ospetsuaren itzulera iragarri du ezustean. Chimera Squad azpitituluarekin XCOM berri batean lanean ari direla adierazi dute.

Ezusteko iragarpenarekin batera harritzeko argitaratze data ere eman dute Firaxisekoek: apirilaren 24ean argitaratuko dute bideojokoa Steamen.

Bost urte pasa dira XCOM 2n ikusitako gertakarietatik Chimera Squaden. Inbasio estralurtarrari aurre egin ostean hauek lurretik ihes egin dute. Hala ere, arerioak erabilitako izaki asko gure planetan geratu dira. Horiekin elkarbizitza hasi du gizadiak: horren adibide da 31 Hiria.

Ohiko gameplaya bueltan datorren arren, Chimera Squadek hainbat aldaketa ekarriko ditu. Hasteko, gure soldaduen taldea 11 agentez osatuta dago. Bakarrak izango dira: bakoitzak bere izaera eta fisikoa edukiko du.

Orain arte izandako agenteen errekrutatze eta gestio lanak alde batera utziko dira joko berrian, beraz. Aldaketekin jarraituz, ezingo ditugu agente horiek galdu. Bat hiltzen bada, zuzenean Game Overrera eramango gaitu.

Talde bakoitzak bere txanda izan beharrean, gure soldaduen eta etsaien txandak tarketatzen joango dira. Gainera, misio bakoitza hasterakoan soldaduak kokatzeko aukera edukiko dugu.

Chimera Squadek aldaketak dakartza, baina gestio elementuek hor jarraituko dute. Kudeatu beharreko basea, agenteen pertsonalizazioa eta misioen antolaketak bere horretan segituko du. Berritasunak nabarmentzeko trailerra prestatu dute jokoaren arduradunek:

Firaxisek emandako xehetasunekin XCOM txikiago baten aurrean gaudela ikusi daiteke. Hori horrela, prezio aldetik ere bide hori jarraituko dute: Chimera Squad 19,99 euroko preziora salduko dute. Maiatzaren 1a baino lehen erosten dutenek, baina, 9,99 eurotara erosi ahalko dute.