PS5, Xbox Series eta PC plataformetara iritsiko da Bungie-ren tiro joko mitikoaren eraberritzea.
Bungiek eta PlayStation-ek Marathon erauzketa tiro jokoaren kaleratze data zehaztu dute: martxoaren 5ean merkaturatuko dute.
Argitaletxea PlayStation denez, PlayStation 5 kontsolan ikusiko dugu, baina ez hori bakarrik: PCan zein Xbox Seriesetan ere estreinatuko da.
Izena galduta geratu bada ere, Bungieren lehen bideojoko saga handia da Marathon. Tiro jokoaren oinarriak nahiz estetika zeharo aldatuko dira atal berrian, ordea. Jokalaria jokalariaren aurka, eta jokalaria ingurunearen aurka jarriko ditu; hau da, PvPvE formatua proposatzen dute Halo-ren sortzaileek.
Lehen pertsonako ikuspegiarekin, Tau Ceti IV munduan barneratuko gara. Bakarka zein beste bi taldekiderekin batera, gune desberdinetako baliabideak eta altxorrak biltzea izang da gure helburua, ondoren ihes egiteko; bidean, ordea, arerioak eta beste jokalarien taldeak aurkituko ditugu.
Sei korrikalari (runner) mota desberdinen artean hautatuko dugu partida bakoitza hasi aurretik, bakoitza bere indarguneekin eta ahulguneekin; gainera, hauek pertsonalizatzeko eta eraldatzeko aukera ere egongo da.
Denetariko arazoen eta polemiken ostean iritsiko da jokoa: kaleratzeak, berandutzeak, artistei lapurtutako irudiak edo Pete Parsons Bungieren arduradun nagusiaren irteera ikusi ditu jokoak. Egun, Bungie PlayStationen lantaldeetako bat da, nahiz eta ez den PS Studios barnean aurkitzen.
Bideojokoa, badaezpada, ez da doakoa: 40 eurotan saltzen da, esaterako, Steam plataforman. Bildumagileentzako edizioa ere iragarri dute arduradunek, kaxa bereziarekin, figurarekin eta bestelako berezitasunekin.
Esan bezala, Marathon martxoaren 5ean argitaratuko da PS5, Xbox Series eta PC plataformetan.
Lander Unzueta
Iruzkinak