Heldu da erabaki zailenetako bat hartzeko garaia: zer antialiasing komeni zait? Antialiasing-ak aztertu baino lehen, beha dezagun zer den aliasing-a, dena den…  

Edozein pantailatan irudiak laukitxo txikiz (bai, pixelak!) osaturik dago, lauki hauek errenkada eta zutabe erregularretan antolaturik daudelako. Hori dela eta, lerro horizontal eta bertikalak primeran bistaratzen dira, baina diagonal bat marraztean… Eskailera efektua delakoa sortzen da. Gauza bera gertatze da kurbak marrazterakoan, eta jokoetan ez dira oso eder geratzen, nolabait esateko. Zerra itxuradun ertz hauek desagerrarazteko metodoei Antia Aliasing (edo AA) deritze. Baina beharrezkoa al da AA? Gehienetan, bai. Erresoluzio oso altuko pantaila bat baduzu, tamaina handikoa ez dena, baliteke zure dentsitatea nahikoa izatea irudia nahi bezain ondo ikusi ahal izateko, baina hau ez da ohikoena, eta zerra ertzak alde guztietan ikus ditzakegu. Ea metodo egokiena topatzerik dugun jarraian!

AA vs ez AA

AA metodo guztiak bi taldetan sailka genitzake, lehena esleitutako erresoluzioa baino altuago batean irudiak sortzea, eta gero gure erresoluziorako berregokitzea izanik. Talde honetakoak dira SSAA (Super Sampling AA) eta MSAA (Multi Sampling AA). Lehenak bistaratzen den guztia sortzen du behar baino erresoluzio altuago batean eta, beraz, errendimenduan duen eragina oso handia da. Bigarrena aurrekoaren hobekuntza da, non beharrezko lerroetan bakarrik aplikatuko den erresoluzio handitzea, eta nahiz eta arazo batzuk ez konpondu, askoz ere eraginkorragoa da eta fps gutxiagoren galera eragingo du oro har. Gainera, teknika berriago bat, CSAA (Cover Sampling AA), oraindik eraginkorragoa da MSAA baino kalitate bera lortzen duelarik.

Bigarren taldea Post-AA deiturikoa da, eta lerroak lausotzean datza behin irudia sortu eta gero. Adibide nagusia FXAA da, Fast Approximate AA. Honek irudiak sortu eta gero aplikatuko du iragazi bat, ertzak bilatuz eta lausotuz. Askoren ustez, dena den, irudia gehiegi lausotzen du, eta nahiz eta errendimendu ona izan, hobe da desaktibaturik uztea. Askoren ustez, kalitate/errendimendu erlazio onena duen iragazia SMAA (Subpixel Morphological  AA) da, diotenez FXAAren kalitatea lortzen baitu errendimenduan kolpe handirik jasan gabe. Talde honetako berrikuntzetako bat TXAA deituriko Temporal Anti Aliasing-a da, zinema itxura lortzea helburu duen nVidiak sorturiko teknika. Oro har, duen errendimendua ez da hain ona, eta ordenagailu indartsuagoek bakarrik erabil dezakete, eta lorturiko emaitzak ikaragarriak izan ohi dira.

Informazio gehiegi? Espero dut ezetz! Orain hautaketa egiteko garaia da! Zein da komenigarriena?

AA mota ezberdinak

Suposatuko zenuten galdera honek ez zuela erantzun erraza. Oraingoan ere, bakoitzaren araberakoa da. Kalitate aldetik TXAA gomendatuko nuke nik, duzun ordenagailuak ahalbidetzen badizu behintzat… Bestela, jokoak aukera ematen badu, CSAA da gehien gustatzen zaidana, itxura ona ematen die jokoei. Hau erabilgarri ez dagoenean, MSAA da erabiltzen dudana. Azkenik, jokoaren errendimendua oso ona ez denean (ehem, Assassin’s Creed Unity, zuri begira nago!), FXAA erabiltzea atsegin dut, nahiz eta askok gorroto duten.

Dena den, artikulu hau eta bildumako lehenaren artean lotura bat sortu nahiko nuke. Gogoratuko duzuen bezala, erresoluzio altuek kalitate hobea eskaintzen dute, bereziki pantaila txikiagotan, dentsitate handiak direla eta. Hori dela eta, AA onena pantaila txiki batean pixel asko erabiltzea litzateke. Hortaz, errendimenduari erreparatzen badiozu, kontutan eduki erresoluzioa jaistean, AA gehiago beharko duzula eta alderantziz… Probak egin beharko dituzu ea zer den hobe, 720p eta MSAA edo 1080p eta FXAA… Esan dizut kontua ez zela batere erraza!