Bergarako Udalak euren udalerria digitalki sortzeko aukera eskaini die herritarrei. Auzolana abian da.

Bergara bloketan, Minecraft eraikuntza proiektua bigarren urtez egingo da Wolfram Encounter jardunaldien baitan. Microsoft-en eta Mojang-en biziraupen zein sormen titulu ezagunean Bergarako gunerik esanguratsuenak digitalki sortzeari ekingo zaio.

Bergarako Udalak Game Erauntsiarekin elkarlanean hasitako proiektua da. Helburua udalerriko kale, eraikin, plazak edo gune nabarmenenak eraikitzea izango da; horretarako, iaz erabilitako mapa hartuko dugu abiapuntutzat.

Izan ere, pasa den urtean burututako eraikuntza proiektuan Olaso dorrea, Laboratorium museoa zein Ariznoako San Pedro parrokia bezalako eraikin ezagunak sortu zituzten partaideek, beste askoren artean. Eraikitakoak oinarritzat hartuta Bergara birtualki are zehatzago eta ederrago eratzen joango gara.

Ekimenerako prestatutako helbidean aurkituko duzue mapa: bergaraminecraft.gamerauntsia.eus zerbitzarian sartu beharko zarete Minecraft bidez.

Jokoaren Java zein Bedrock bertsioetatik parte har daiteke: PC, kontsola zein gailu mugikor bidez, alegia. Bedrock Together deitutako aplikazioa erabiltzea beharrezkoa izango da kontsolen bidez auzolanean aritzeko; tamalez, Switch-eko bertsioa ekimenetik kanpo geratuko da.

 

Bergararren arteko auzolana

Parte hartzeko ez da ezer berezirik egin behar. Dena den, arau sorta sinplea errespetatzea ezinbestekoa izango da guztion artean elkarlana bideratzeko.

Aurten ere Bergarako Turismo Bulegoak prestatutako gida erabil dezakegu: bertan azaldutako tokiak nahiz eraikinak erabiliko dira erreferentziatzat, ondoren Minecraften sortzeko. Ez da zertan gidako kokalekuetara mugatu behar: edozein etxea, plaza zein kale eraiki dezakezue, Bergarakoa den bitartean.

Gidako guneen orubeak eta kaleak Game Erauntsiak adierazita zein mugatuta egongo dira: kono batzuen bitartez zehaztu ditugu eraikuntza esanguratsuenen guneak.

Eraikitzen hasterakoan, jokalariek konoak kendu beharko dituzte. Horrez gain, orube bakoitzaren ondoan sortu beharreko eraikinaren argazkia aurkituko duzue.

Hauek guztiak modu errazean aurkitzeko zerbitzariaren denbora errealeko mapa prestatu da.

Gunea eraiki gabe dagoela ziurtatu ondoren, bertan eraiki beharko dute partaideek. Leku ezagunak soilik behin eraiki behar dira; hortaz, adi gidari. Nola ez, gainerako eraikitzaileen lana errespetatzeko eskatzen dugu: hori betetzen ez duena kanporatua izango da.

Minecraften bertsioari dagokionez, 1.20.1 adabakia erabiliko dugu.

 

Aurkezpen handia!

Erakusteko moduko lana egin duzula uste baduzu, hau aurkezteko aukera edukiko duzu azaroaren 4an: Zabalotegi aretoan sortutakoak ezagutzeko ibilbide birtuala egingo dugu.

Parte hartu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan zure izena, erabiltzailea eta eraikitakoak adierazita. Horrela, gurekin batera aritu ahalko zara ibilaldi birtuala egiten dugunean.

Bukatzeko, saria irabaz dezakezu! Parte hartzen dutenek beren eraikuntzen argazkiak bidal ditzakete gure Discord zerbitzariko Minecraft atalera edo gure helbide elektronikora.

Hori eginda, 50 euroko balioa duen edozein bideojoko plataformatarako opari txartelaren zozketan sartuko zara!

 

Counter-Strike 2 txapelketa, abian

Minecraft ekimenarekin bideojokoen festa hartuko du Wolfram Encounterrak. Izan ere, joan den astean estreinatutako Counter-Strike 2 txapelketa lehiatuko da Wolframaren baitan.

Izen ematea abian da jada: urrian kanporaketa fasea lehiatuko da, eta azaroaren 4an final handia jokatuko da Bergaran. Anima zaitez, hemen ere sariak egongo dira-eta!