Ekainaren 25ean argitaratuko da. Fighting Force Collection, GEX Trilogy eta bestelako klasikoen berrargitalpenak erakutsi dituzte, zenbait joko berrirekin batera.

Beyond Good and Evil 2ren berririk gabe jarraitzen dugu, baina Ubisoft-ekoek Michel Ancel sortzailearen lehen atala birmasterizatuko dutela iragarri dute Limited Run Games Showcase aurkezpenean. Beyond Good & Evil – 20th Anniversary Edition izenarekin, gaur egungo plataforma nagusietan estreinatuko da.

Iragarpenak ez du inor harritu, iazko azaroan Ubisoftekoek nahi gabe filtratu baitzuten, Ubisoft+ zerbitzuko harpidedunei jokoa helaraziz. Dena den, zaleek eskatzen zuten bertsio berria da: 2012an kaleratutako Beyond Good and Evil HD gorrotatuak egindako akatsak zuzentzera dator 20. urteurreneko omenaldia.

Modeloak eta testurak hobetzeaz gain, 4K bereizmena eta segundoko 60 irudiko tasa inplementatuko ditu, baita bestelako hobekuntzak ere: soinu banda berria, irudien galeria eta edukiak aipatzen dituzte bideoan. Jade gaztearen abenturak berriz bizitzeko aukera ekainaren 25ean iritsiko da PlayStation, Xbox zein Switch kontsoletara eta PCra.

Limited Run Games Showcaseak bestelako klasikoak bildu ditu, gainera. LRG bideojoko klasikoak nahiz arraroak berriz kaleratzera bideratutako taldea izanik, halakoak izan dira nagusi emanaldian: adibidez, Fighting Force beat ‘em up sagako jokoak elkartzen dituen Collection bilduma jasoko dugu datorren urtean Square Enix-en eskutik.

GEX Trilogy izan da zaleek ospatutako beste iragarpenetako bat: muskerraren hiru jokoen PSX kontsolako bertsioak bilduko ditu, baina argitalpen data aipatu gabe geratu dira japoniarrak.

Lollipop Chainsaw RePOP, Clock Tower: Rewind, Snow Bros. Wonderland, Tomba 1 eta 2… denetariko klasikoentzako zein obra berrientzako lekua eduki dute.

Edizio fisiko bereziak aurkeztu dituzte, bukatzeko: Star Wars: Dark Forces Remaster (ekainak 21, gaur bertan), Rain World (2024an), Wolfenstein II: The New Colossus-en Switch kontsolako bertsioa (2024an), Penny’s Big Breakaway (2024an) zein Switcheko Hitman: Blood Money Reprisal (2024 bukaeran) agertu dira, edizio fisioen zaleen pozerako.

Aipatutakoak eta beste zenbait irarpen ikus ditzakezue Limited Run Games Showcase aurkezpen osoan: