F2P bertsioak pertsonaia bakarra sortzeko aukera eskainiko digu ziegak esploratzeko.

Ironmace talde korearrak Dark and Darker arrakastatsua berpiztu du urtebetez desagertuta eman ondoren. Doako bertsioa kaleratu du, berezko launcher-a erabilita: Blacksmith.

Oztopoz betetako hilabeteak igaro ditu ziegak esploratzera eramango gaituen PvPvE abenturak. 2023ko otsailean alfa bertsioa estreinatu zen, milaka jokalari biltzea lortuta, Steameko titulurik jokatuenetakoan bilakatuz Next Fest demoen jaialdian eskuratutako oihartzunari esker.

Nexon enpresak, baina, salaketa jarri zion Ironmaceri, kodea lapurtu zietela aldarrikatuta. Dirudienez, Nexongoek P3 izeneko proiektua zeukaten esku artean, eta, Ironmaceko hainbat garatzailek enpresa erraldoia utzi ondoren, Dark and Darker garatzeari ekin zioten. Polizia korearrak estudio txikiaren bulegoa arakatu zuen; horren ondoren, jokoa Steametik kentzera derrigortuak izan ziren, nahiz eta epaia itxi gabe dagoen gaur egun.

Garapenak martxan jarraitzen zuela nabarmendu zuten Ironmaceko arduradunek, eta horrela izan da: Dark and Darker Epic Games Store plataforman azaldu zen orain hilabete batzuk. Oraindik ez da bertan kaleratu, baina “laster” bertatik jaisteko aukera egongo da; bitartean, Ironmacen launcher bidez proba dezakegu.

Proposamen bitxi bezain erakargarria dakar ARPG abenturak: talde txikiak ziega erraldoia esploratzen ariko dira, bidean mota guztietako altxorrak aurkituz… baita arerioak ere. Hauek NPCak izan daitezke, edo beste jokalari batzuek kontrolatutako abenturazaleak; hortik dator, beraz, PvPvE terminoa.

Doako bertsio berriak hainbat muga dakartza, tamalez: pertsonaia bakarra sor dezakegu, eta ezingo gara salerosketan ibili. Hori dela-eta, zale askok doako proba baino ez dela diote, baina jokoan murgiltzeko balioko digula.