2010. urtean Warren Spector sortzaile ezagunak kaleratutako abentura eta plataforma titulu sarituaren berregitea da.

Disney erraldoiaren maskota ezagunenak bere bideojokorik onenaren itzulera ikusiko du laster. Mickey sagua protagonista duen Disney Epic Mickey: Rebrushed irailaren 24an iritsiko da PlayStation, Xbox, Switch eta PC plataformetara.

Nintendo Wii kontsolan 2010ean estreinatutako abentura maitatuaren berregitea da Rebrushed. Ez da gutxiagorako: arduradun nagusia Warren Spector izan zen, Deus Ex ikaragarriaren zuzendari zein System Shock edo Thief bikainen garatzailea.

Yen Sid aztiaren brotxa magikoa lapurtu ondoren, Mickeyk usteldutako fantasiazko mundura bidaiatuko du. Bertako erronkak gainditzen ariko gara berarekin: plataforma zaleentzako desafioei aurre egin beharko diegu, baita borrokei eta puzzleei ere.

Otsaileko Nintendo Partner Direct aurkezpenean ezagutu genuen bertsio berria. Purple Lamp estudioaren eskutik iritsiko zaigu berregitea; itxura batean, ez dugu aldaketa handirik ikusiko eraberritutako atal grafikotik haratago, baina garatzaileek “mugimendu aurreratuak” aipatzen dituzte jokoaren deskribapenean.

Spectorrek, gainera, Epic Mickeyren zale amorratuenentzako edizio berezia aurkeztu du: burdinezko kaxarekin batera Mickey estilizatuaren figura itxurosoarekin merkaturatuko da, beste hainbat gehigarriren artean.

Esan bezala, irailaren 24ra itxaron beharko dugu beste behin Epic Mickey zoragarriaren jatorrizko abenturan barneratzeko.