Urrezko graziak ukatutako lurralde ilunetara bidaiatuko dugu. Ekainaren 21ean estreinatuko da DLCa PlayStation zein Xbox kontsoletan, baita PCan ere.

Elden Ring Shadow of the Erdtreen bideo berria argitaratu dute FromSoftware eta Bandai Namco taldeek. Oraingoan, espantsioaren istorioan ardaztutako trailer zinematikoa eskaini digute.

Spoiler-en beldur zaretenok, lasai, zalantzak argitu beharrean galderak baino ez baititu sorrarazten. Marika jainkosa dirudienarekin hasten da aurkezpena: itxura batean, urrezko zuhaitz Erdtree garrantzitsuaren jaiotza ikusten gabiltzala esan daiteke. “Urrea sorrarazi zuen afera” aipatzen da, beraz jainkosaren misterioak argituko ditugula pentsatzera garamatza.

Horrekin batera, eduki gehigarriko arerio nagusia izango dela dirudien Messmer zitalaren konkistak ageri dira zinematikan, biolentzia maite duen pertsonaia dela argi eta garbi utzita. Jokagarritasun bideoan azaldutako hainbat izaki eta pizti ikus daitezke baita, “graziarik edo ohorerik gabeko purgan” murgilduta.

Nola ez, DLCko protagonista nagusietakoa izango dena ere aipatzen zaigu: Miquella jainkoa, Marikaren semeetako bat. “Guztia abandonatu zuela” dio narratzaileak, “urrezko haragia, indar itsugarria, baita bere patua ere”.

Bukatzeko, DLCan partida gordetzeko gune berriak izango direnak —edo hori uste dugu, behintzat— agertzen dira; izan ere, graziarik gabeko lurraldeotan ez litzateke grazia gunerik egon beharko. Ikur berriekin batera, ekainean hasiko dugun abenturan aurkituko ditugun pertsonaia desberdinak ageri dira, armadura eta jantzi berriak erakutsiz.

Elden Ring 2022ko bideojokorik handienetakoa izan zen, baita azken hamarkadakoa ere. Sekulako arrakasta lortu zuen kritikaren aldetik, zaleenetik, baita salmentenetik ere —23 milioi salmentak gainditu zituen 2024ko otsailean—; hori horrela, bi urteren ondoren argitaratuko den Shadow of the Erdtree espantsio ikaragarriak begirada guztiak bereganatu ditu.

Esploratzeko mundu guztiz berria izango da lurralde ilunetakoa: hiriak, zelaiak, kobazuloak eta bestelako guneak bisitatuko ditugu. Hortaz, eduki gehigarri xumea baino, bideojoko guztiz berria izan daiteke Elden Ringen espantsioarena.

Ekainaren 21ean barneratuko gara bertan: PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta PC plataformetan estreinatuko da Elden Ring Shadow of the Erdtree.