Arc System Worksen borroka jokoa PS4rako soilik zegoen iragarrita. Bi pertsonaia berri gehitu dituzte: Leo Whitefang eta Nagoriyuki.

Japan Fighting Game Publishers Roundtableak iragarpen gutxi utzi dizkigu, baina Arc System Works garatzailearen zaleek berri onak jaso zituzten ekimen digitalean. Guilty Gear Strive borroka jokoa PC eta PS5erako kaleratuko dute japoniarrek.

Strive Playstation 4rako bakarrik zegoen baieztatuta. Atzeratu ondoren, 2021eko lehen hilabeteetan argitaratzea aurreikusten du Arcsysek. Sonyren kontsola berrian argitaratzeaz gain, PCko jokalariek Steam bidez eskuratu ahalko dute.

Plataforma berriak iragarrita, garatzaileek bi trailer aurkeztu zituzten Roundtablean; bakoitzak borrokalari berri bat iragarri zuen. Lehena borroka jokoen sagako beteranoa da: Leo Whitefang. Diseinu berriarekin, Leo bideojokoko pertsonaia handikoteenetarikoa izango da.

Bigarren borrokalaria joan den urtean ikusi genuen lehen aldiz, bideojokoa EVO 2020 txapelketan aurkezterakoan. Halere, orain arte Arcsysek ez du zehaztu Striven etsai nagusia edo jokatzeko borrokalaria izango den. Nagoriyuki samurai banpiroa da, eta borroketan hainbat berezitasun eta aparteko ezaugarri erabiliko ditu.

Bi pertsonai horiekin Striven borrokalarien zenbatekoa hamabira heldu da: Leo eta Nagoriyukeriken batera Sol Badguy, Ky Kiske, May, Faust, Potemkin, Chipp Zanuff, Zato-1, Millia Rage, Axl Low eta Ramlethal Valentine baieztatu dituzte garatzaileek.

Hurrengo trailerra urrian aurkeztuko dutela agindu dute; ikusteko dago borrokalari gehiago gehituko dituzten edo DLCekin hasteko asmoa duten.