Paper Mario, Prince of Persia, edo Hellblade: Eider Zabalegi bideojokozaleak hilabeteko estreinaldiak ekarri ditu Oiartzun Irratiko Arguyuan saiora.

Uda usain dezakegu jadanik, eta beroarekin batera bideojokoen munduaren tenperatura ere gora egiten hasi da. Udako kanpainarako prestatzen dabiltza enpresak zein estudioak, eta estreinaldi benetan interesgarriak jasoko ditugu egunotan.

Eider ‘Il4rgi’ Zabalegi bideojokozalea beste behin hurreratu da Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan daukan txokora maiatzeko jokorik interesgarrienak ezagutzera emateko.

Hilabetea itsas hondoan barneratuz hasi dugu. Maiatzaren 2an Endless Ocean Luminous iritsi zen Switch kontsolara. Sagako aurreko jokoetan egin bezala, itsaso arakatzen ibiliko gara, arrainak zein landareak ikertuz. 500 espezie agindu dizkigute garatzaileek, eta ezaugarri kooperatiboak ere biltzen ditu lasai batean lagunekin esploratzen ibiltzeko: 30 pertsonek osatutako kuadrilla ibil daiteke elkarrekin

 

Ubisoften pertsonaia ezagunenetako bat itzuliko da, berriz, maiatzaren 14an: The Rogue Prince of Persia aurretiazko sarbidean jasoko dugu ordenagailuetarako. Behin behineko bertsioa jasoko dugu Ubisoft-en eta Evil Empire-n eskuetatik; azken hauek Dead Cells arrakastatsuaren egileek osatutako talde berria da. Horrela, 2.5 dimentsioko akzio eta plataforma titulua iritsiko zaigu, roguelike mekanikak bilduta.

Indie lanekin jarraituko dugu, obra benetan berezia baitator. Lorelei and the Laser Eyes iritsiko da Switchera eta PCra. Puzzleak, misterioak eta beldurra batuko dituen lana da; gainera, estetikoki ikustekoa den atal grafikoa aurkeztuko digu. Hotel bitxia esploratzen ariko gara, denetariko buruhausteak gainditzen. Maiatzaren 16an merkaturatuko du Annapurna Interactive argitaletxeak.

Hilabeteko joko handiekin bukatuko dugu. Senua’s Saga: Hellblade II iritsiko zaigu, azkenik, Xbox Game Studios eta Ninja Theory taldeen aldetik. Grafikoki ikusgarria, biziraupena ardatz duen abentura gogorra eta latza bizitzera eramango gaitu berriz. Borroketan parte hartuko dugu, baina gure protagonistaren sentipenek zein emozioek bereganatuko dute benetako garrantzia maiatzaren 21ean: Xbox Series kontsoletan zein PCan jokatu ahalko dugu.

Nintendo-rekin itxiko dugu maiatza: zelan ez, Mario iturginaren abenturarekin. Ez da berria, ordea, GameCube kontsolan 2004an estreinatutako Paper Mario: The Thousand Year-Door maitatuaren Switcherako bertsio eraberritua baizik. Txandakako borrokak, paperezko pertsonaiak, umore mordoa eta abentura eroak izango dira nagusi maiatzaren 23an iritsiko zaigun jokoan.