Lehengo astean foroan ikusi nuen "Definitu joko klasiko/retroa irudi batekin" jolasean txikitan oso maitea nuen jokoa, Mega Man. Eta gauzak zer diren, nostalgiak eraginda edo joko hori berriz jolasteko gogoa jarri zitzaidan. Segituan bururatu zitzaidan ordenagailuko emulatzaileren bat instalatu eta oso modu azkarrean ibil nintekeela eta horrelaxe egin nuen. Baina, faltan sumatzen neun lehengo GameBoy haien eramangarritasuna eta bururatu zitzaidan agian bazegoela gaur egungo teknologia eramangarria (mugikorrak) eta emulatzaileak konbinatzeko modurik.

Bada, pare bat emulatzaile probatu ditut nire bigarren belaunaldiko Moto G-an eta oraingoz ClassicBoy-rekin geratzen naiz (android sistema eragilean, noski!). Dohakoa izateaz gain, N64, PlayStation 1, GBA, GBC/GB, NES, Sega eta Neo-Geo emulatzailea baita!! Programak oso menu txukunak ditu eta goitik behera konfiguragarria da. Txapo!

Hala ere, emulatzaile hau aukeratu izanaren arrazoi nagusia, orain gutxi eskuratu dudan Ipega PG-9025arekin erabat bateragarria delako da. Izan ere, mugikorraren ukipen pantailarekin jolastea oso zaila da. Batetik, botoiak sentitzen ez dituzunez ez bait dakizu zertan ari zaren. Eta bestetik, aplikazio/emulatzaile batzuek bi botoi batera zapaltzerakoan arazoak ematen baitituzte agindua detektatzerakoan. Eta partidaren erdian horrelako akats bategatik bizitza bat galtzean badakizue zer frustrazio eta egon ezin eragiten duen ezta?

Mando hau amazonen 20-25€ inguruan eskuratzeko aukera daukazue eta bluetooth bidez tita batean sinkronizatzen da mugikorrarekin. Kaxan bertan mandoaz gain, litiozko bere bateria kargatzeko kable bat besterik ez da etortzen. Sinplea eta azkarra beraz.

Behin bluetooth bidez parekatu ostean, mugikorrari kanpotik konektaturiko "teklatu" bat bailitzan funtzionatzen du. ClassicBoy aplikazioa ireki eta hori bai, lehenengo joystic-aren konfiguraziora sartu eta botoiak zure gustura jarri behar dituzu. Baliteke teklaren bat ongi ez detektatu izana, baina arazorik ez dago zuk nahi duzun funtzioan konfiguratzeko.

Ondorengo pausoak oso errazak: emulatzailea aukeratu, lehendik internetetik jeitsitako jokoaren ROM fitxategia ireki eta partida jokatzen has zaitezke! Hona hemen nire lehen "gameplaya" :P


Mandoak gainera 5.5 hatzbeterainoko mugikorrak eusteko garro hedagarri bat, bi joystic, musikaren bolumen kontrola eta horrelako tresna bati eska diezazkiozun botoi guztiak ditu. 5-6 metrorainoko seinale irismena omen du, nahiz eta nik hau oraindik ez dudan probatu... Hori bai, ez dut batere "lag"ik sumatu. Oso fin dabil bluetooth hurruneko konexioa izanik ere. Ikusi beharko bateriak ere zenbaterarte irauten duen, 20 ordukoa da hornitzailearen arabera.

Plastikozko materiala izanagatik ere akabera oso onekoa da. Lehenengo aldiz hartu dudanean pisu gutxi duela iruditu zait, baina ez du batere auskorra ematen. Bi joysticak oso fin dabiltza, atzera buelta onarekin eta botoiak ere sentsazio ona uzten dute zanpatzean. Estetika aldetik zer esan ba, beltz eta gorri kolore horrek ematen dion agresibitate puntua asko gustatzen zait. Dotorea da mandoa bere osotasunean.

A ze jostailu polita eskuratu dudan, ezta?

BESTE EMULATZAILE POSIBLE BATZUK

Beno bide batez, xa2er gure taldeko kideak berak probatu dituen beste emulatzaile batzuen zerrenda uzten dizuet. Berak dioenez emulatzaile dedikatuak optimizatuago egon ohi dira:
  • snes4droid
  • gens4droid (megadrive)
  • n64oid
  • nes.emu
  • neo.emu
  • snes.emu
  • marvin (spectrum - ona da gainera aplikaziotik jokoak lor daitezke)
  • scummvm (abentura grafikoak -broken sword...)
  • epsxe (PS1-ekoa, ordaintzekoa baina probatu duen onena)
  • mame4droid (2 bertsio, bat azken mame bertsio artekoa, mugikor potentea behar da joku berrienentzako, bestea mame bertsio zaharragoa daramana baina mugikor pobreagoetan ondo dabil)
  • gameboid
  • snes9x