Zelda printzesaren lehen abentura handia, Astro Bot txikiaren erokeriak, borrokak, estrategia eta askoz gehiago etorriko dira egunotan.

Udako oporrei agur esan diegu, baina, iraileko estreinaldien egutegia ikusita, lanera itzultzea uste baino errazagoa izango dela konturatu gara. Ohi bezala, Game Erauntsian hilabeteko kaleratze esanguratsuenen laburpena prestatu dugu datozen egunotan jasoko ditugunak errepasatzeko.

Zerrenda luzea osatu dugu oraingoan; egia esan, ez da batere erraza izan aukeraketa egitea. Obra nabarmenen artean The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom daukagu, baina baita Astro Bot robot dibertigarriaren plataforma joko berria, Xbox-ek prestatutako Ara: History Untold 4X estrategia jokoa edo The Plucky Squire indie koloretsua.

Birmasterizazioen eta port-en arloak ere indartsu jarraitzen du. Estrategia jarraitzaileek Age of Mythology mitikoaren bertsio eraberritua jasoko dute, hasteko; Miles Edgeworth fiskalaren abenturekin jarraituko dugu, Ace Attorney Investigations bilduma baitator; PCko jokalariek, berriz, bi handi ikusiko dituzte ordenagailuan, Final Fantasy XVI zein God of War: Ragnarok estreinatzear daude-eta.

Gehiegi luzatu gabe, goazen zerrendarekin!

 

Bakeru

  • Argitaratze data: 2024-09-03
  • Garatzailea: Good-Feel / Spike Chunsoft
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: Switch, PC

Otogi Katsugeki Mameda no Bakeru iaz Nintendo Switch kontsolarako iragarritako 3D plataforma abentura ederra da. Japoniarako soilik aurkeztu zuten Etsunobu Ebisu zuzendariak Spike Chunsoft argitaletxearekin, baina Euskal Herrira ere helduko da azkenik: Switcherako nahiz PCrako bertsioak ikusiko ditugu bihar.

Goemon maitatuen sortzailearen azken lana izanik, xarmaz gainezka egiten duen Japonia koloretsua zeharkatzeari ekingo diogu. Bai, robotetan ariko gara beste behin!

 

Age of Mythology: Retold

  • Argitaratze data: 2024-09-04
  • Garatzailea: World’s Edge, Forgotten Empires, Tantalus Media, CaptureAge eta Virtuos Games / Xbox Game Studios
  • Generoa: Estrategia
  • Plataformak: PC, Xbox Series

Estrategia joko klasikoen artean klasikoena ikusiko dugu, azkenik, asteon. Age of Mythology mitikoa berpiztu dute Retold bertsioarekin: grafikoak eraberritu, aro, unitate nahiz mekanika berriak inplementatu, eta are aukera gehiago gaineratu dizkiote 2002ko tituluari.

 

Ace Attorney Investigations Collection

  • Argitaratze data: 2024-09-06
  • Garatzailea: Capcom
  • Generoa: Abentura grafikoa
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch

Nintendo DS eramangarrian merkaturatutako Ace Attorney Investigations: Miles Edgeworth eta Ace Attorney Investigations 2: Prosecutor’s Gambit gaur egungo plataformetan bilduko ditu. Phoenix Wright ahaztu, eta bere lehiakide zein lagun Miles Edgeworth fiskala izango da bi hauetako protagonista.

Motorrak berotzen joateko demoa kaleratu dute Capcomekoek.

 

Astro Bot

  • Argitaratze data: 2024-09-06
  • Garatzailea: Team Asobi / Sony Interactive Entertainment
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PS5

2024 bukaerako jokorik desiratuenetakoan bilakatu da, zalantzarik gabe, Astro Bot txikiaren hurrengo abentura. Errealitate birtualaren nahiz PS5eko DualSense agintearen berezitasunak aditzera emateko jaiotako robotak jauzi esanguratsua emango du bere lehen obra handiarekin.

Bideoetan ikusitakoaren arabera, ez dugu atsedenik hartuko berarekin: denetariko erronkak gainditzen ariko gara plataformaz betetako abenturan. Bidean, gainera, PlayStationen historia biziko dugu, Sonyren kontsoletan agertutako pertsonaia ezagunenekin elkartuko baikara.

 

Warhammer 40,000: Space Marine 2 

  • Argitaratze data: 2024-09-09
  • Garatzailea: Saber Interactive / Focus Entertainment
  • Generoa: Akzioa
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Warhammerren unibertsoan girotutako dozenaka jokoen artean ezagunena da, ziurrenik, Space Marine. Tiroketa zitalak datorren astean itzuliko dira bigarren atalarekin: ehundaka tiranidoren aurka ibiliko gara berriz.

Oraingoan beste bi lagunekin elkartzeko aukera izango dugu kooperatibo erakargarrian; horrez gain, duelu multijokalari interesgarriak ere prestatu dituzte Saberkoek.

 

Marvel Vs. Capcom Fighting Collection: Arcade Classics

  • Argitaratze data: 2024-09-12
  • Garatzailea: Capcom
  • Generoa: Borroka
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch

X-Men: Children of the Atom, Marvel Super Heroes, X-Men vs. Street Fighter, Marvel Super Heroes vs. Street Fighter, Marvel vs. Capcom: Clash of Super Heroes, Marvel vs. Capcom 2: New Age of Heroes borroka joko maitatuak zein The Punisher beat ‘em up itzela elkartuko dituen bilduma osatu du Capcomek oraingoan.

Gehienak MvC2ren ganorazko bertsioa eskuratzeko zain egongo dira, baina ez dago joko kaxkarrik hauen artean. Online jokatzeko aukerarekin, borroka zaleentzako ezinbesteko bilduma dator.

 

Final Fantasy XVI

  • Argitaratze data: 2024-09-17
  • Garatzailea: Square Enix
  • Generoa: ARPG
  • Plataformak: PC

Kostata, baina SEk azkenik kaleratuko du FF sagaren hamaseigarren atala ordenagailuetan. Clive Rosfield gerlariaren abenturak jarraituko ditugu fantasiazko mundu aberatsean zehar: ARPG borroka ikusgarriak izango dira nagusi, baina baita istorio sakona ere.

Probatu nahi dutenek doako demoa deskarga dezakete dagoeneko.

 

The Plucky Squire

  • Argitaratze data: 2024-09-17
  • Garatzailea: All Possible Futures / Devolver Digital
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch

Aurtengo indie jokorik interesgarrienetakoa dugu The Plucky Squire. Game Erauntsian oso hurbiletik jarraitu dugun proposamena da All Possible Futures taldearena: 2D eta 3D mekanikak zein grafikoak uztartuko dituen abentura xarmagarria prestatu dute.

Puzzleak, plataformak, borrokak eta askoz gehiago biziko ditugu haur baten gelako elementuekin.

 

UFO 50

  • Argitaratze data: 2024-09-18
  • Garatzailea: Mossmouth
  • Generoa: Arkade, denetarik
  • Plataformak: PC

Indie sortzaile ezagunak 50 jokoz osatutako bilduma berezia prestatzeko elkartu dira UFO 50ekin: Spelunky, Downwell, Air Land & Sea, Skorpulac, Catacomb Kids eta Madhouse bezalako tituluren arduradunek arkade erako lanak zein JRPGak edo mundu irekiko lanak garatu dituzte.

Argi diotenez, ez dira minijokoak: indie joko osoen aurrean gaude. Proposamen interesgarria jarraitu beharko dugu, beraz.

 

God of War: Ragnarok

  • Argitaratze data: 2024-09-19
  • Garatzailea: Santa Monica Studio / PlayStation
  • Generoa: Akzioa, abentura
  • Plataformak: PC

Kratos eta Atreus aita semeen azken abentura ere ordenagailura iritsiko da irailean. Odin jainkoari aurre egin beharko diote aurreko jokoan bizitakoen ondoren; hori horrela, badakizue zer aurkituko dugun. Borroka latzak dira nagusi God of Warren, baina puzzleentzako eta esplorazioarentzako lekua ere egongo da.

PCrako hobekuntza teknikoez gain, Valhalla eduki gehigarriarekin kaleratuko da Ragnarok.

 

Ara: History Untold

  • Argitaratze data: 2024-09-24
  • Garatzailea: Oxide Games / Xbox Game Studios
  • Generoa: Estrategia
  • Plataformak: PC, Xbox Series

Civ VIIren zain gabiltzan bitartean aurkari sendoaz gozatzeko aukera edukiko dugu. Ara: History Untoldek Sid Meierren jokoen oinarriak hartuko ditu; ez da harritzekoa, saga ezaguneko hainbat beteranok sortutako lana baita. Horrela, 4X estrategia eta kudeaketa izango da Araren ardatza.

 

The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom

  • Argitaratze data: 2024-09-26
  • Garatzailea: Nintendo
  • Generoa: Abentura, akzioa
  • Plataformak: Switch

Iraila behar bezala bukatzeko Nintendoren saga nagusienetakoaren itzulera biziko dugu: The Legend of Zeldaren obra berria dator… berezitasun nabarmenarekin. Link heroia alboratu, eta Zelda printzesa izango da protagonista lehen aldiz —edo ez, baina joko haiek ez ditugu kontuan hartzen—.

Echoes of Wisdomek Link’s Awakening-en berregitaren atal grafikoa bereganatzen du sormenez eta askatasunez betetako abentura proposatzeko: objektu anitzak kopiatzeko eta itsasteko aukera edukiko du printzesak, mugikortasunari zein borrokei eraginez.