KH HD 1.5 + 2.5 ReMIX, HD 2.8 Final Chapter Prologue eta Kingdom Hearts III + Re Mind helduko dira. Melody of Memory aipatu gabe geratu da.

Sora, Donald eta Goofy Steam plataformara datoz: Square Enix-ek Kingdom Hearts sagako titulu nagusiak Valve-n saltokira eramango ditu ekainaren 13an.

Presta zaitezte izenak idazteko: Kingdom Hearts HD 1.5 + 2.5 ReMIX, Kingdom Hearts HD 2.8 Final Chapter Prologue eta Kingdom Hearts III + Re Mind bildumak dira Steamek jasoko dituenak.

Laburbiltzearren: zenbakitutako hiru joko nagusiak —lehen bien Final Mix birmasterizazioekin—, KH Re:Chain of Memories berregitea, KH Dream Drop Distance HD nahiz KH Birth by Sleep Final Mix biltzen dituzte. KH 0.2 Birth by Sleep -A fragmentary passage- jokatzeko aukera ere egongo da: bildumarako bereziki egindako obra motza.

Jokoez gain, KH 358/2 Days zein KH Re:Coded jokoetako HD zinematikak ikusteko aukera daukagu. Sora protagonistak bizitako abentura guztiak —eta horiei lotutako jazoerak—, alegia.

Aipatutako titulu guztiak biltzen dituen KH Integrum Masterpiece bilduma osoa ere kaleratuko dute Steamen.

PCko jokalariek 2021ean jaso zuten bilduma osoa, baina Epic Games Store saltokira mugatuta zeuden. Bi urteko esklusibotasuna izan da beraz, itxura batean, SEk eta Epicek sinatutakoa. Joko bat falta da oraindik, gainera: KH Melody of Memory erritmo jokoak EGSko esklusiboa izaten jarraitzen du.

PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletako jokalariek ere bilduma osoaz goza dezakete; Nintendo-ren kontsolako kasuan, hodeiko bertsioa eskaintzen dute.

Zaleek urte luzez itxaron behar izan zuten Final Fantasy eta Disney frankiziak batzen dituzten bideojokoak PCra iristeko; halere, askok uko egin zieten EGSko esklusibotasuna dela-eta. Ekainaren 13tik aurrera Steam bidez erosteko aukera egongo denez, salmenten jarraipena egitea interesgarria izango da.

 

Laugarren joko nagusia, abian

Nahiz eta Soraren abenturak bukatu zirela adierazi zuten, arduradunek ez dute KH alboratzeko asmorik: Square Enixek Kingdom Hearts 4 iragarri zuen orain bi urte, frankiziaren 20. urteurreneko ekitaldi berezian.

Disney filmetako mundu koloretsuak alboratu zituzten iragarpen bideoan, Tokio gogora ekartzen duen Quadratum hiri errealista berriz erakutsita. Sora nagusiagoa ikus dezakegu, Lost Master Arc deitutako istorio berriari hasiera emanez.

Ordutik hona ez dute, baina, KH4ri buruzko ezer gehiago aipatu. Zaleek zain jarraitu beharko dute hortaz, garapena luzerako doala baitirudi.