Azpisagak hamar urtetan jasoko duen lehen abentura berria dugu. Switch kontsolan jokatu ahalko da.

Mario eta Luigi anaien abentura berria dator. Mario & Luigi: Brothership iragarri dute Nintendo Direct aurkezpenean: azaroaren 7tik aurrera jokatzeko aukera egongo den JRPG titulua dugu.

Game Boy Advance kontsolan abiatutako azpisagaren estetika koloretsua mantenduko du Switcherako bereziki sortutako abenturak. Beti bezala, txandakako borrokak, esplorazioa eta umore mordoa izango dira ardatz.

Jokoari izena jartzen dion irla antzeko ontzi erraldoian ariko gara oraingoan. Peach, Bowser eta gainerakoak itzuliko dira, baina arerio zein lagun berriak ere ikusiko ditugu Brothershipen.

Bi iturginak kontrolatzeko mekanika bereziak aurkeztuko zaizkigu: biekin saltoka, mailuarekin jotzen nahiz eraso berezi ikusgarriak egiten ariko gara.

Teknikoki ez dirudi Nintendoren lehen mailako jokoa izango denik, baina originalen zaleek asko eskertuko duten jokoa dela dirudi; izan ere, hamar urte daramatzagu Mario & Luigi sagako joko berririk jaso gabe —nahiz eta berregiteak eta birmasterizazioak kaleratu dituzten—.

Azaoraren 7an helduko da, beraz, Mario & Luigi: Brothership Switch kontsolara.