Tronuaren txapelketan garaile izateko bidaian murgilduko gara fantasiazko munduan. JRPG borrokak eta askoz gehiago ekarriko dizkigu Atlus-ek.

Sega eta Atlus japoniarrek Metaphor: ReFantazio irrikatuari buruzko xehetasun gehiago eskaintzeko aurkezpena egin dute. Emandako informazioaren artean kaleratze data ezagutu dugu: urriaren 11n argitaratuko dute PlayStation zein Xbox kontsoletan eta ordenagailuetan.


Katsura Hashino jokoaren zuzendariak gidatutako erakustaldian “fantasia generoari erronka botatzeko prest” daudela aldarrikatu du, “gure RPG jokoen gailurra sortu ahal izateko”.

Tronua lortzeko txapelketako irabazleak izatea da gure helburua, baina istorio ezagun horri berezitasunak gehitzea da garatzailearen helburua. Hildako erregearen boterea lortzeko, erresumako biztanleen babesa jaso beharko dugu; horretarako, era guztietako misioak eta erronkak gainditzeari ekingo diogu.

Shin Megami Tensei nahiz Persona saga ospetsuetako arduradun nagusi guztiak daude Metaphor: ReFantazio sortzen. Hashino bera, Shoji Meguro musikagilea zein Shigenori Shoejima diseinatzailea dira egileak, eta, horren ondorioz, oinarri berberak mantenduko dituzte.

Txandakako borrokak, esplorazioa eta hizketaldiak izango dira nagusi berriz, baina berritasunak ere ikusiko ditugu. Ezustekorik handiena denbora errealeko dueluen aldetik dator: gu geu ariko gara bai borrokan, bai saihesten. Munstrorik ahulenen aurka biziko ditugu borrokok.

Hala ere, esan bezala, txandakako norgehiagokak izango dira nagusi. Lanen sistema ezarri dute jokoan, eta hau oso garrantzitsua izango dela dio zuzendariak: zaldunak, aztiak, lapurrak eta ohiko lanak hartuko dituzte gure protagonistek.

Hiriak bisitatuko ditugu, nola ez. Persona kutsua hartuko dute gune hauek: herritarrekin hitz egiten, erosketetan, eta gure harremanak estutzen ibiliko gara. Jendearen arazoak konpondu ahala, gureganako daukaten iritzia hobetuko da, txapelketan gora eginez, eta, aldi berean, protagonistarentzako abileziak desblokeatuz.


Zuzendariak dioenez, Metaphor: ReFantazio ez da mundu irekiko jokoa, baina kokaleku zabalak bilduko ditu. Leku batetik bestera mugitzeko Ikuto Yamashita Neon Genesis Evangelion anime maitatuko diseinatzaileak sortutako ontzi berezia erabiliko dugu: bertan hainbat ordu igaroko ditugu denetariko ekintzak egiten harremanak sendotzeko zein abileziak hobetzeko.

Urriaren 11n ikusiko dugu nola elkartzen diren aipatutako mekanika eta elementu guztiak Atlusen bideojoko berrian.