Beyond azpitituluarekin, lehen pertsonako esplorazio eta akzio abentura izango da.

Metroid Prime 4 erakutsi du Nintendok, azkenik, iragarri eta zazpi urte ondoren. 2025ean merkaturatzeko asmoa agertu dute gaurko Nintendo Direct aurkezpenean, eta, printzipioz, Switch kontsolan jokatzeko aukera egongo da.

Metroid Prime 4: Beyond deituko da Samus Aran ehiztariaren hurrengo abentura. Retro Studios taldeak GameCube eta Wii kontsoletarako garatutako trilogiarekin gertatu modura, lehen pertsonan biziko dugun esplorazio eta akzio abentura dugu; metroidvania jokoa, alegia.

Trailer ikusgarriarekin berpiztu dute proiektua N handikoek: Samus protagonista Varia armadura klasikoan azaldu zaigu espazioko piraten aurkako gudan. Ohiko mekanikak bueltan dira: eskaneatze bisorea erabiliko dugu inguruneak zein arerioak aztertzeko, eta morphball abileziarekin gune estuak zeharkatuko ditugu.

Metroid Prime 3ren bukaerarekin jarraituko dugula dirudi, gainera: Silux ehiztaria agertzen da bideoan metroid izakiz inguratuta. Nintendo DS eramangarrian estreinatutako Metroid Prime Hunters tituluan ezagutu genuen Silux, eta MP3ren azken bideoan azaltzen zen bere ontzia.

Switch originalerako iragarri badute ere, datorren urtean estreinatzeak hainbat zalantza sorrarazi ditu. Egungo gailuaren oinordekoan ere merkaturatuko ote dute? Itxaron egin beharko dugu jakiteko.

Metroid Prime 4: Beyond 2025ean argitaratuko da Switch kontsolan.