Ibai Oihanguren zaleak Red Candle Games indie estudio taiwandarraren proba lokalizatu du. Steam bidez eskura dezakegu.

Euskarazko bideojokoak jasotzen jarraitzen dugu, baina azkenarena kasu berezia da. Izan ere, titulu osoa iritsi beharrean, laster argitaratuko den abentura bereziaren demoan euskaraz gabiltza: Nine Sols odoltsuaren zein ederraren probari buruz, hain zuzen ere.

Beste behin, Ibai Oihanguren bideojokozalea izan da itzulpenaren arduraduna. Red Candle Gameseko taiwandarren demoa hartu eta hau osorik euskaratu du. Ez da proba motza, hori argi izan: itzultzailearen YouTubeko katean ia hiru ordu laurdeneko iraupena daukala ikus dezakegu.

Euskaratzea Oihangurenen Github orrialdean aurkituko dugu. Windows sistema eragileetarako instalatzailea prestatu du, baita GNU/Linux eta Steam Deck-erako ere.

Yi katu antropomorfikoa izango da Nine Solsen protagonista. Jokoari izena jartzen dioten bederatzi Sol maltzurrak garaitzea bilatuko du: istorio iluna eta gogorra ikusiko dugu abenturan, narratiba sakonarekin. Ez da ez adin guztiei zuzendutakoa.

Metroidvania estiloko jokoa denez, esplorazioa izango da nagusi. 2D inguruneak zeharkatzen ariko gara aurrera egiteko, bidean objektuak eta sekretuak ikusiz. Garatzaileek Hollow Knight aipatzen dute plataformak eta esplorazioa deskribatzerakoan.

Borrokek, baina, pisu handia edukiko dute: Sekiro eta Katana Zero bezalako bideojokoak dira Nine Solsen inspirazio iturria. Kontraerasoak, eraso kritikoak eta botere bereziak erabiliko ditugu duelu bizkorretan eta zailetan.

Game Erauntsia irratsaioan otsailean hitz egin genuen Nine Solsi buruz; izan ere, Steam Next Fest ekimeneko demoen artean eskaini zuten.

2022ko martxoan abiatu zuten finantzaketa kanpaina titulua garatzeko beharrezko finantzazioa biltzeko. Eskatzen zituzten 90.000 euroak soberan gainditu zituzten: 400.000 euro batzea lortu zuten kanpaina bukatzerakoan.

Ordutik hona bideojokoa bukatzen eta fintzen dihardute. Oraindik argitaratze data finkatu gabe dagoen arren, 2024ko lehen hiruhilekoan argitaratzea aurreikusten dute. PCrako bertsioa egongo da, noski, baina Red Candlekoek PlayStation eta Switch kontsoletan ere argitaratu gura dute.