Mach Rider, Urban Champion eta Golf mitikoak aurki ditzakegu katalogoan, baita Japoniatik kanpo argitaratu gabeko The Mystery of Atlantis ere.

Nintendo Switch Online zerbitzuaren kontsola birtualeko katalogoa elikatzen jarraitzen dute N handikoek. NES kontsolako zazpi joko iritsi dira harpidetzara: Urban Champion, Golf, Donkey Kong Jr. Math, Mach, Rider, The Mystery of Atlantis, Solar Jetman eta Cobra Triangle.

Retro bideojokozaleentzako altxor ezagunak nahiz ezezagunak dira. Urban Champion Nintendoren lehen borroka jokoa izan zen, adibidez, eta Mach Rider, Donkey Kong Jr. Math zein Golf —adi, Shigeru Miyamoto eta Satoru Iwata sortzaileena— bere garaian hainbatek jokatutako tituluak dira.

Ez da gauza bera gertatzen, ordea, The Mystery of Atlantisekin: Japonian Atlantis no Nazo izenarekin estreinatu zuen Sunsoft taldeak 1986. urtean, baina ez da inoiz herrialdetik kanpo kaleratu, ofizialki behintzat.

Rare britainiarraren bi joko galdu dira, bukatzeko, NSO zerbitzuaren azken lorpenak: ibilgailu gainean jarriko gaituzten tiro joko bereziak dira Solar Jetman eta Cobra Triangle.

Aipatutako guztiak Switch kontsolan goza ditzakegu dagoeneko. NSO zerbitzuko harpidedunek euren liburutegian aurkituko dituzte —ez da Expansion Pack harpidetza behar hauetan jokatzeko—.

 

Katalogo zabala

Ekainean burututako Nintendo Direct aurkezpenean ere ezustekoak jaso zituzten retro jokoen jarraitzaileek. Nintendo Switch Online + Expansion Pack zerbitzura lau bideojoko interesgarri heldu ziren: Nintendo 64ko bi, eta Game Boy Advance-ko beste bi.

Hasteko, N64aren kontsola birtualak Xbox berpizten ari den Perfect Dark frankiziaren joko originala jaso zuen. Tiroketekin jarraituko dugu, beste titulua Turok: Dinosaur Hunter mitikoa baita.

GBA eramangarriaren aldetik, bukatzeko, Metroid: Zero Mission remake ikaragarria ikusi genuen Switcherako —gogoratu, euskaraz joka daiteke!—.

The Legend of Zelda sagako joko bat ere iritsi da: The Legend of Zelda: A Link to the Past + Four Swords. Egia esan, bi joko dira: SNES kontsolako ALttP mitikoaren —dagoeneko jatorrizko jokoa kontsola birtualean zegoen— GBAko bertsioa eta hiru adiskiderekin batera kooperatiboan gozatzeko Four Sword biltzen ditu.

Kontsola birtualak NES, SNES, Game Boy, Game Boy Color, Nintendo 64, Game Boy Advance zein SEGA Mega Drive gailuetako zenbait bideojoko eskaintzen ditu. Hemen aurki dezakezue katalogo osoa.