Roll7 garatzaile taldeak egina eta Private Division argitaletxeak kaleratuta, 2022ko otsailaren 7an hainbat gailu desberdinetarako jarri zen salgai: Windows, Nintendo Switch, PlayStation 4 zein 5 eta Xbox One zein Series gailuetan, hain zuzen. Bi dimentsioko skateboard edo gurpil-ohol bideojokoa da, jokalaria puntuazioak eta helburuak lortzera bultzatzen duena. Jokoak jadanik zenbait eduki jaitsigarri dauzka (DLC) baina analisi honek oinarrizko jokoa landuko du soilik.

 

Radlandia ezagutuz

OlliOlli sagaren hirugarren alea izanda, aurrekoak bezala, skateboardaren inguruan garatuko da abentura berriz ere, baina oraingoan aldaketa ugarirekin dator. Radland izeneko munduan murgilduko gara, izan ere, orain arteko skatearen aztiak (skate wizard) erretiroa hartzea erabaki du, eta oinordekoaren bila dabil. Geuk, jokalari bezala, skate aztiaren ordezkoa bilakatzeko ahalegina egingo dugu eta mundu honetako lurralde bakoitzeko skate jainko ezberdinak ezagutuko ditugu.

Maila bakoitzean eredu berdina jarraituko bideojokoak. Toki bakoitzean zirkuitoaren amaierara heltzea eskatuko zaigu, posible bada mugarri edo checkpointak erabili gabe, baina lurrera erori eta jokaldia etenez gero, hauek erabiltzea ere onartuko da.

Horrez gain, erabat beharrezkoak ez diren helburu gehiago aurkeztuko zaizkigu, leku horretako hiru pertsonaien puntuazioa gailentzea. Gainera, maila bakoitzak hautazkoak diren beste hiru helburu berezi izango ditu, aldakorragoak izan ohi direnak, objektu batzuk ekiditea, akrobazia jakin bat egitea edo pertsonaia jakin bat aurkitzea bezalakoak izan daitezkeenak.

Hodi laurdenek norabidea aldatzea baimenduko digute.

Modu honetan, helburuak era nahiko askean jartzen zaizkigu, norberak erabakiko du erronkatxo guztiak lortu nahi dituen ala hauek egin gabe aurrera jarraitu nahi duen. Herrialde bakoitzaren amaieran bertako jainkoa ezagutuko dugu eta horrekin batera hurrengo lurraldera pasatu ahal izango gara.

Lurralde bakoitzak mekanika eta abilezia berriak irakatsiko dizkigu. Gainera, Jainko bat ezagututakoan Gnarvana izeneko kokapenean berarekin hitz egin ahal izango dugu, eta bertan, jainko bakoitzak prozeduralki sortutako bere lurraldeko zirkuituetara emango digu sarbidea.

Toki bakoitzean zirkuitoaren amaierara heltzea eskatuko zaigu, posible bada mugarri edo checkpointak erabili gabe.

OlliOlli sagako joko guztien alde berezienetako bat kontrol eredua da zalantzarik gabe. Akrobaziak ezkerreko joko-palanka edo joysticka erabiliz egiten dira, adibidez, gorantz egite hutsak eta askatzeak jadanik pertsonaiak “ollie” bat egitea ekarriko du. Ez da besterik egin behar, lurreratzerakoan botoi bat sakatuz lur-hartze ona edo txarra izan den erabakiko delarik.

Lurrera erortzea saihestuz gero, orokorrean zirkuituak ez dira oso luzeak izaten.

Ondoren, eredua konplexuagoa bilakatzen doa, birak eta gurpil-ohola modu ezberdinetan heltzea bezalako gehigarriekin, baina funtsean, oso kontrol sinpleak dira. Hala ere, honekin, ikasteko erraza den baina menderatzeko zaila den jokaera sortu zuten garatzaileek lehen OlliOlli jokoa kaleratu zutenean.

Zalantzak izatekotan akrobazien entziklopedia deritzotena dago, maila erraz, ertain eta konplexuko akrobaziak banan-banan azaltzen dizkiguna. Bestelako erraztasunak ere eskaintzen ditu, jokalariak kolpea jasotakoan botoi bakarra sakatuz berrabiaraziko gaitu jokoak azken mugarrian. Botoi berbera luze sakatuz gero, mailaren hasieran berrabiaraziko gaitu, denbora galerarik gabe.

Hormetan zehar irristatzeak gure jauzia luzatzea baimenduko digu.

OlliOlli World-ek gure pertsonaiaren itxura pertsonalizatzeko aukera ugari jarriko dizkigu eskuragai. Helburuak lortzen goazen heinean gure hautazko arropak, ile-orrazkerak, gurpil-oholak eta beste zenbait gauzek hautabide gehiago izango dituzte.

Akrobaziak ezkerreko joko-palanka edo joysticka erabiliz egiten dira.

Sagaren hirugarren joko honen ezaugarri deigarrienetariko bat bere estetika da. Irudi zein soinu aldetik erabaki ausarta egin dutela esan daiteke, aurreko jokoetatik muga berrietara hedatu baitira garatzaileak. Marraztuta ikusiko dugun Radlandia mundu koloretsu eta eroa izango da, pertsonaia eta toki oso bereziekin. Musika bere aldetik ere bitxia izango da, monopatinen arloarekin lotutako izaera kaletar eta informalarekin uztartuta.

Radlandiako bost lurralde ezberdinak ezagutuko ditugu abenturan zehar.

 

Sagari egindako aldaketa garrantzitsuak

Aipagarria da OlliOlli World hau nondik datorren pixka bat azaltzea, kasu honetan nahiko eraldatuta baitator. Lehen OlliOlli-a kontrol eredua ezarri zuena izan zen, esan daiteke kontzeptuaren mamia bertan sortu zela. Hala ere, pixel estetika zeukan, erabat bi dimentsiotakoa zen, eta azken hau baino zailagoa orokorrean, erraztasun gutxiago baitzeuzkan.

Ondoren, OlliOlli2: Welcome to Olliwood iritsi zen zenbait berritasunekin: “manual” izeneko akrobaziekin konbinazio luzeagoak egin genitzakeen puntuazio handiagoak lortuz. Horrez gain bigarren jokoak kokaleku arraro baina interesgarriak aurkeztu zituen beste gauza batzuen artean.

OlliOlli World honek aldaketa ugariak dakartza, funtzionamenduak bi dimentsioko joko batena izaten jarraitzen badu ere, cel-shadinga erabiltzen duten hiru dimentsiotan objektuak baitira, 2.5D bezala har daitekeena. Erabaki honek jende orokorrarengana hurbilduko du ziurrenik, aurreko jokoen zaleren batek betikoa nahiago duela salatu duen arren. Jostagarritasuna ere errazagoa da, adibidez, lurreratze txarrak askoz gehiago barkatzen dizkigulako. Hala ere, lortzeko zailak diren zenbait helburutxo zehatz gure abenturari traba egiteaz arduratuko dira.

Hodietan zehar irristatzea behar-beharrezkoa izango da zenbait kasutan.

Beti bezala, airean egindako akrobaziak eta skateboarda hodietan irristatuz (grinding) puntuazioak lortzen saiatuko gara. Baina oraingoan hormetan irristatzea (wall ride) edo hodi laurdenak (quarter pipes) izango ditugu norabidea aldatzeko aukera emanez, ezkerretik eskuinera joan ordez, une batzuetan alderantziz joango garelarik.

Gutxi balitz, aurreko jokoan gehitutako “manual” akrobaziez gain, bideko errei edo bidexka ezberdinak hautatu ahal izango ditugu, maila bakoitzeko helburu guztiak lortzeko, sarritan bide guztiak ezagutu beharko baitira.

Ikasteko erraza den baina menderatzeko zaila den jokaera sortu zuten garatzaileek.

Zenbait jokalari jokoak ezartzen duen telemetriaz kexatu dira. Nik ikusi dut jolasten hasterakoan jasotako oharra, gure datuetatik edaten omen du, baina ez dakit zehazki zenbat. Hau nabari da kargatze pantailetan beste jokalari batzuen abatarra edo pertsonaiak agertzen zaizkigulako beraien ezizenarekin batera, suposatzen da gurearekin berdina egingo dutela beste jokalarien jokoetan.

Horrez gain, maila bakoitzean lortu dugun puntuazio gorena hartuko du jokoak, eta sarean geuk baino hobea lortu duen jokalaria ezarriko digu garaitzeke helburu gehigarri bezala, geure puntuazioa hobetzeko geu xaxatuz.

Itxura arrarodun pertsonaia asko ezagutuko ditugu bidean.

Gaur egun inoiz probatu ez duen lagun bati gomendatuko niokeen OlliOlli-a da hirugarren hau. Bere estetikan, aukeretan eta jokaeran egindako doitzeek jendaurre orokorrari modu errazean aurkezteko egoeran jartzen dute eta. Aurrekoek egindakoa hobetzen saiatzen da, eduki eta funtzio berriak gehituz, une entretenigarri eta erronkariak jokalariaren aurrean jarriz. Mota honetako joko bat probatzekotan, gutxienez bost ordu baino gehiago emango dizkigun hautagai duina dela deritzot.