Maiatzaren 23an argitaratuko da iturgin bibotedunaren JRPG onenaren birmasterizazioa.

Nintendo-k Paper Mario: The Thousand-Year Door birmasterizazioaren xehetasunak eskaini ditu azken trailerrean. Mariorekin batera bisitatuko dugun mundua eta ezagutuko ditugun pertsonaiak aurkezteaz gain, Switch kontsolako bertsio eraberrituak jasoko dituen hobekuntzak eta aldaketak ere ezagutzera eman dituzte.

Altxorraren maparekin hasiko du Mariok abentura. Hortik, lurralde ezezagun eta bitxietara joko du, gune berriz eta pertsonaia harrigarriz betetakoak. Premisa sinple honekin iturginaren jokoetako gidoirik dibertigarriena eta freskoena abiatzen da; zalantzarik gabe, TTYD horren maitatua izatearen zergati nagusia.

Iturgin bibotedunaren lagun berrietako —edo ez horren berri, 20 urte dituzte jadanik— batzuk aurkezteko ere balio izan du trailerrak. Goombella, Koops eta Madame Flurrie dira abentura honetan ezagutuko ditugun lehenengoak, eta bideoan beren testuingurua nahiz abilezia bereziak aipatzen dira. Ez hori bakarrik, une batzuetan Peach printzesarekin zein Bowser zitalarekin jokatuko dugu.

Abenturan kokalekuak esploratzen, puzzleak gainditzen, eta, nagusiki, borroketan parte hartzen ariko gara. Dueluek, zelan ez, erritmoa eta abilezia eskatuko dute: erasotzerakoan nahiz defendatzerakoan eskatzen dizkiguten komandoak erabili beharko ditugu garaipena eskuratzeko.

Mekanika bakoitzaren oinarriak azaldu dituzte N handikoek: 2004ko bideojokoa izanik, Paper Mario klasikoen bidea jarraitzen du TTDY. Jokalariek faltan botatzen duten bidea, alegia.

Berritasunei dagokienez, denetarikoak aurki ditzakegu birmasterizazioan. Soinu banda zaharberritu dute, hasteko: ez dakigu zenbat abesti berri egongo diren, baina borroka batzuetan doinu desberdinak entzun daitezke, abesti gehienak eraberritzeaz gain. Hala ere, soinu banda originala entzun nahi dutenek joko hasieran lor daitekeen medaila batekin aktiba dezakete.

Mugimenduak entrenatzeko zein jarraibideak emateko balio duten NPC berriak aurkituko ditugu, gainera, Rogueport hirian.

Bizitza kalitate aldaketak ere datoz, eta eskerrak. Joko bukaeran egin beharreko bilaketak aldaketak jasan ditu hau errazteko; gainera, laguntzailez aldatzeko bidea sinplifikatu dute gurpil batekin. Ahaztu menura sartzeaz lagunez aldatu nahi duzun bakoitzean.

Maiatzaren 23an iritsiko da Paper Mario: The Thousand-Year Door Switchera.