Kudeaketa, simulazioa eta futbol norgehiagokak bateratuko ditu ordenagailuetan. Polemikaz inguratutako estreinaldia izango da.

PC Futbol frankiziaren zortzigarren atala euskaratuta kaleratuko da. Horrela adierazi digute Una Partida Más estudioko sortzaileek: apirilaren 30etik aurrera gure hizkuntzan ofizialki jokatzeko aukera edukiko dugula berretsi diote Game Erauntsiari.

Egun horretan interfaze osoa euskaraz ikusi ahalko dugula baieztatu digute arduradunek; horixe bera ikus dezakegu, gainera, Steam plataformako hizkuntzen fitxan.

Kudeaketa eta simulazio joko espainiarren hurrengo atala izango da, 2018an PC Futbol 18 gailu mugikorretarako jokoa jaso ondoren. Ohiko jokagarritasuna eta mekanikak agintzen dituzte egileek; hau da, futbol taldeak sortzen, antolatzen eta kudeatzen ibiliko gara.

Arduradunek hiru atal nagusi nabarmentzen dituzte. Lehenik eta behin, enpresaren kudeaketa ikusiko dugu: futbol taldea sortuko, finantzak kudeatuko eta babesleak bilatuko ditugu, besteak beste.

Bigarrenik, jokalarien zein merkatuaren gestioa biziko dugu. Fitxaketetan ibiliko gara, gainerako klubekin akordioak sinatzen eta bereganatzeak burutzen nahiz gure taldearen harrobia osatzen.

Bukatzeko, nola ez, kirol kudeaketa fasea izango da nagusi. Norgehiagoetan entrenatzaile lanetan ibiliko gara: jokalarien zerrenda erabakiko, taktikak prestatuko zein entrenamenduak antolatuko ditugu. Partiduak jokatzerakoan simulazio hutsak izatea erabaki ahalko dugu —gure erabakiekin zein automatikoki bideratutakoak—, edo, zuzenean, hauek denbora errealean jokatu.

 

Euskarazko bikoizketa, beranduago

PC Futbol 8ren Steameko fitxan euskarazko bikoizketa edukiko duela ageri da. Honen inguruan galdetu die Game Erauntsiak egileei: Hector Prats Una Partida Más estudioko zuzendariaren arabera, “euskarazko bikoizketa jokoa kaleratu eta aste pare batera argitaratuko da”.

Hortaz, agindutakoa betetzen badute ahotsak maiatzeko bigarren asterako jaso beharko genituzke. Bikoizketaz arduratuko direnei buruz galdetzerakoan, baina, “oraindik bikoizlarien zerrenda itxi gabe” dagoela adierazi digu Pratsek.

Game Erauntsiak ezin izan du bideojokoaren euskarazko bertsioaren irudirik ikusi, ezta bikoizketarik entzun ere.

 

Berandutzeekin eta arazoekin

PC Futbol frankizia hainbat enpresaren eta estudioren eskuetatik igaro da 1992. urtean hasi zenetik. Dinamic Multimedia taldeak lehen zazpi jokoak eratu zituen; ondoren, Gaelco katalanak eskuratu zituen baimenak, bi joko prestatuz; bukatzeko, Korner Entertainment taldeak PC Futbol 18 garatu zuen.

Ezin gaitezke ahaztu, ordea, FX Futbol frankiziaz: Dinamiceko hainbat sortzailek honetan lan egin zuen, eta askorentzat PC Futbolen oinordekoa da. Gaur egun, baina Football Club Simulator izena dauka.

2023ko martxoan Una Partida Más taldeak frankizia bereganatu zuela iragarri zuen: garatzaile taldea PC Futbol 8 garatzeko sortu zen bereziki. Garapena, baina, arazoekin abiatu zuten: PC Futbol 2024 izenarekin iragarri zuten, eta Pc Componentes saltokiarekin bat egin zuten, Twitter sare sozialean 150.000 jarratzaile lortuz gero jokoa kaleratuko zutela adieraziz.

Ez ziren adostutako kopurura iritsi, baina, hala ere, 2023 bukaeran argitaratzeko asmoa agertu zuten, jokoa erreserbatzeko aukera ahalbidetuz. Denetariko kritikak jaso zituzten egileek, jokoa iruzurra zela leporatuz, zabaldutako eta partekatutako informazioa ez zela nahikoa argudiatuta.

Horren ondorioz, PC Futbol 2024ren garapena etetea erabaki zuten Una Partida Máskoek, erreserba egin zutenei dirua itzulita. Hainbat hilabetez isilik ibili ondoren, pasa den martxoan jokoak bizirik jarraitzen zuela iragarri zuten, PC Futbol 8 izenarekin.

Une honetan kudeaketa tituluaren hainbat irudi ikus ditzakegu, bideo bakarrarekin batera. Hauetan jokoaren interfazea eta menuak ageri dira, baita partidu interaktiboen irudiak ere.

Garatzaileek ibilbide orria prestatu dutela diote: datozen sei hilabeteetarako eguneraketak eta hobekuntzak zehaztuko dituzte “laster”.

Esan bezala, PC Futbol apirilaren 30ean estreinatuko da PCan. Dena ondo badoa, lehen egunetik euskaraz jokatu ahalko dugu; egileek euskal bikoizketa maiatzerako agindu digute.